MUSIKA. «Denok eta dena gara mutante»

Rock-and-roll klasikoaren zertzeladak, mitologia antzinakoak eta sortu berriak, eta unibertso berezkoa batu ditu Lobo Electrico taldeak 'Artefactos mágicos' lan berrian.

gorka erostarbe leunda
2010eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Hamar urte inguruko ibilbidea du Lobo Electrico Tolosako (Gipuzkoa) taldeak. Urtetik urtera, lana eta ilusioa uztartuz, eta rock-and-roll oinarrietatik abiatuz, nortasun bereziz beteriko unibertso, hizkuntza eta proposamen propioa landu du. Gaur egun, Shanti Iribar Dr. Magma-k (ahotsa), Jorge Sanz Perrolobo-k (baxua), Iker Lopez Canseco Iki Peligro-k (gitarra) eta Iñaki Guantxek (bateria) osatzen dute taldea. Has visto al lobo electrico? (2004) lehen lanaren ondoren, Japonian eta Europan bira egin zuten: «Talde izaera indartzeko balio izan zigun, batez ere», dio Dr. Magma kantari eta letren egileak (Tolosa, 1965). Artefactos mágicos (Planet Lanalus) bigarren lana kaleratu berri dute, taldearen esperientzia eta soinu trataera hobea dakarren diskoa.

Pixkana bere bidea egiten eta bere publikoa bereganatzen joan den taldea da Lobo Electrico. Bilakaera hori sentitzen duzue?

Oso modu naturalean bizi dugu, taldea beti doa eraldatzen. Elkarrekin bizi izan dugun guztia igarri egiten da, eta pixkana-pixkana topatzen ari gara zerbait transmititzen diogula sentitzen duen jendea. Nabaritzen duzu zenbaitzuk beraiena balitz bezala sentitzen dutela egiten duguna, eta hori ederra da. Musikaren istorio hau askoz ere ederragoa da jendearekin partekatuz. Sentitzen duzu zenbaitek maite zaituela, eta hori izugarria da.

Artefactos mágicos (Tramankulu magikoak) du izenburu lan berriak. Rock-and-rolla tramankulu magikoa al da zuentzat?

Dudarik gabe. Tramankulu magikoak errealitatea deitzen dugun horretan aldaketak eragiteko tresnak dira. Egiten duzuna zure borondatez eta energiaz egiten baduzu, aldaketak eragiten ditu errealitatean, eta, alde horretatik, rocka tramankulu magiko zoragarria da, premisa horiek betetzen baditu behintzat, beste gauza asko ere izan zitezkeen bezala.

Disko berriak duen aldaketa nagusietako bat soinua hobetzea da. Sendoago da...

Bai, badago aldaketa bat. Denborarekin indartuz joan da soinua. Gainera, Iñaki Guantxe bateria jotzailea arduratu da ekoizpen lanaz, eta bere eragina dauka, taldeko musikari teknikoena bera da eta. Ez da bereziki bilatu dugun zerbait, bidean topatu duguna baizik.

Bai diskoaren azala eta bai abesti batzuen izenburuak ekialdeko estetika batekin lot daitezke. Ukitu hindu eta espiritual bat daukate. Nondik datorkizue hori?

Hori dena nire kontua da. Mitologiek asko erakartzen naute, oro har. Ez horrenbeste erlijioengatik, egitura itxiak iruditzen zaizkidalako, baina elementu sinbolikoak interesatzen zaizkit, neure erara erabili ahal izateko: ez izatea jainkoen esklabo, baizik eta jainkoak izan daitezela gure erreminta. Eta hori lortzeko behar dudana erabiltzen dut, bai aurrez badiren mitologiak, bai, behar izanez gero, nik neuk sorturikoak.

Mitologien kontua lotuago egon da heavy musikarekin. Zuena rock-and-rolla da gehiago...

Bai, baina azkenean gurea koktel moduko bat da. Eta ez dut uste genero bakoitzak bere gai jakinak izan behar dituenik. Rocka egiteagatik ez duzu zertan emakumeez eta autoez hitz egin.

Eta nondik datozkizu Chico Gato, El Hombre Verde, Retorno al Planeta Polimorfia eta gisako izenburu eta kontzeptu bitxiak?

Bakoitzak bere sinesmen sistemak dauzka, eta laguntzaile batzuk bilatzen edo sortzen ditu norberaren errealitate tunel horretan joateko. Oinarrian nire bidaideak dira, baina espero dudana da jende gehiagoren bidaide ere bihurtzea.

Kantuetako batean diozu mutante bat zarela. Zer nahi duzu esan?

Denok eta dena gara mutante. Dena aldatzen da etengabe. Irauten duen gauza bakarra horixe da: mutazioa. Gauza egonkor gisa nahi dugu definitu geure burua, baina etengabeko eraldaketan gaude. Eta, gainera, eraldatu egin behar dugula uste dut.

Musika aldetik zertan eraldatu zarete?

Ez dugu inoiz pentsatzen aurrez, hemendik joko dugu edo handik joko dugu. Taldekide bakoitzak bere gustuko gauzak entzuten ditu, eta hori guztia hor dago. Kantuak horrela sortzen dira, zatika. Kantu batek galbahea igaro dezan guztiok hunkitu behar gaitu.

Mutatu ez dena zuzenekoetan azaltzen duzuen indarra da.

Zuzenekoa guretzat da iristen garen lekua, gainerako guztia bidea da. Bizi izan duguna, ikasi duguna, beste jende batekin partekatzeko gunea, guk Noches de esperma negra deitzen dugun hori (Esperma beltzeko gauak).

LOBO ELECTRICO

Noiz: Bihar, 22:30ean.

Non: Iruñeko Infernutabernan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.