Musika gregorianoa entzun ahalko da gaur, Artzain Onaren katedralean. Hango organo neoklasikoa konpondu dutela ospatzeko, zenbait ekitaldi ari dira egiten katedralean. Musika Hamabostadiak ere horietan partu hartu nahi izan du, eta kontzertua antolatu du, gaur, 20:30ean. Easo Kapera Gregorianista, Easo Abesbatza eta Andra Mari Abesbatza ariko dira musika emanaldian, Jose Manuel Tife zuzendari dutela. Jose Maria Zapirain omenduko dute, Artzain Onaren Katedraleko kapera maisu eta Musika Hamabostaldiaren kolaboratzaile izandakoa. Oscar Candendok joko du organo berritua; organo laguntzailea, berriz, Jose Luis Etxetxipiak.
Kontzertuarekin meza frantsesa berregin nahi dute XX. mende hasierako katedral batean. Horrexegatik, Gaudeamus: Messe Solennelle dans une Cathédrale da emanaldiaren izenburu orokorra. Charles Marie Widor frantziar organista eta musikagilearen Messe à 2 Choeurs et 2 Orgues (opus 36) lana interpretatuko dute. Egitura berezia du, bi abesbatza misto, eskolania gregoriano bat eta bi organo uztartzen baititu. Widorren mezaz gain, kontzertuaren hasieran Louis Vierneren Marché Épiscopale eta L´Orgue Mystique lanak eta Charles Tournemireren L´Assomption interpretatuko dituzte.
Txilida Lekun, ostera, Andrew Lawrence-Kingen harpa emanaldia izango da 19:00etan. Hala, Nicanor Zabaletaren omenez egiten ari diren kontzertuen saioari amaiera emango zaio.
KOLONIAKO ORKESTRA. Verdiren Otello operaren kontzertu bertsioaren bi emanalditan parte hartu eta gero, kontzertu sinfonikoa eskainiko du bihar, Koloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoak. Semion Bytxkov errusiarra izango du alemaniar taldeak zuzendari eta Igor Txetuev ukrainarra pianista bakarlari. Kursaal Auditorioan izango da emanaldia, 20:00etan.
Musika gregorianoa izango da gaur, Artzain Onako mezan
Kontzertu sinfonikoa emango du bihar Koloniako Irratiko Orkestrak Kursaal Auditorioan, 20:00etan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu