Musika Hamabostaldia Arabara helduko da aurten

Hiru kontzertuk Jesus Guridi musikagilea omenduko dute, hil zeneko 50. urteurrenean

Maite Alustiza.
Donostia
2011ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Donostiako Musika Hamabostaldia Gasteizera iritsiko da aurten, lehen aldiz. Jesus Guridi musikagilea omenduko dute Andra Mari abesbatzak, Quiroga Laukoteak eta Arriaga Laukoteak, hil zeneko 50. urteurrenean. Gasteizen ez ezik, Araian eta Laudion ere izango dira kontzertuak.

Hori da Musika Hamabostaldiaren 72. aldiak duen berrikuntzetako bat, atzo antolatzaileek Kursaalean emandako prentsaurrekoan azaldu zutenez. Horrekin batera, Hamabostaldiak Jazzaldiarekin bat egingo du,lehenengoz. Alexis Delgado eta Iñaki Salvador pianistek jazzaren eta musika klasikoaren arteko fusioa egingo dute abuztuaren 5ean, Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoan. Ahots teknikako ikastaroa ere berrikuntza da, baita Donostiako hainbat tabernatan egingo diren emanaldiak ere.

Hungariako musikak tarte zabala izango du egitarauaren barruan. Franz Liszt eta Bela Bartok musikagileak omenduko dituzte, hainbat emanaldiren bidez. Musika Hamabostaldiko zuzendari Patrick Alfayak adierazi duenez, Hungariako musikan garrantzi handiko musikariak izan dira biak. «Bartok gabe ezin da XX. mendeko musikaren zati handi bat ulertu, eta Liszt pianorako sortzaile handienetako bat da». Hungariako musika ildo nagusitzat hartu badute ere, jaialdiaren eskaintza «heterogeneoa» dela azpimarratu du Alfayak. Horren erakusle dira Gustav Mahler, Tomas Luis de Victoria eta Xabier Leteri eskainiko dizkieten omenaldiak.

Kontzertuak jauregietan

Abuztuaren 7tik 31ra izango da Hamabostaldia, eta 77 emanaldi eta 42 kokaleku izango ditu aurten. Urtero legez, mundu osoko musikari eta taldeek parte hartuko dute. Rotterdam Philharmonisch Orkest, The Frankfurt Radio Symphony Orchestra eta Budapest Festival Orchestra Kursaalera helduko dira. Euskal Herritik Easo abesbatza, Donostiako Orfeoia eta Iruñeko Ganbera abesbatza izango dira, besteak beste.

Bederatzi lan estreinatuko dituzte; horietatik sei Musika Garaikideko Zikloaren barruan. Musika Aitzaki zikloak kostaldeko Donejakue bidetik kontzertuak antolatu ditu, eta, horrekin batera, Gipuzkoako dorretxe eta jauregietan hainbat emanaldi egingo dituzte. Lapurdira ere iritsiko da ekimena. Jordi Domenech kontratenorrak kontzertua emango du Arrangoitzeko gazteluan, Iparraldeko bakarra. Iaz antolatu zituzten ziklo guztiak mantenduko dira aurten ere, eskaintza berri batekin: Mugetan zikloa.

Alfayak adierazi duenez, sarreren %80 baino gehiago saldu dituzte dagoeneko. Horrek «iazko datuen pare» jartzen ditu salmentak. 3.076.400 euroko aurrekontua izan dute, eta antolatzaileek egin duten lana azpimarratu du Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak: «Ez da meritu makala urtez urte maila horri eutsi beharrean goraka igotzen jarraitzea. Hamabostaldia goi mailako erreferentzia da gure herri txiki honetako mugez gaindi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.