David Bravo. Abokatua, egile eskubideetan aditua

«Musika industriak jabetu behar du gaizki ulerturiko malenkonia duela»

'Sinde Legearen' aurka ozenen mintzatu denetakoa da; kultur ekoizpenen kopiak «errealitate egonkortua» direla dio, eta edukien industriek lehenago edo beranduago onartu egin beharko dutela.

gorka erostarbe leunda
Eskoriatza
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Informatikako zuzenbidean aditua da David Bravo (Sevilla, Espainia, 1978), batez ere egile eskubideen kontuetan. 2005ean gutun bat bidali zion Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteari Jabetza Intelektualaren Legea zela eta, «ezagutza partekatzearen» alde azalduz, eta ez egileen eskubideak gehiago gutxitzearen alde. Otsailean Espainiako Kongresuak onarturiko SindeLegearen aurka ozenen mintzatu denetako bat da. Berriki Eskoriatzan (Gipuzkoa) izan da, Mondragon Unibertsitateko fakultatean, Huhezik antolaturiko Komunikaldia jardunaldietan.

Kontzeptuak argitzeko: zein da jabetza intelektualaren eta egile eskubideen arteko aldea?

Jabetza intelektualak hitz egiten du kultur sorkuntzan parte hartzen duten pertsonen eskubideen inguruan, ez soilik egileen eskubideen inguruan, baita sorkuntza horren interprete eta ekoizle diren eskubideen inguruan. Egile eskubideak jabetza intelektualaren parte bat baino ez dira.

Zergatik sortu da azken urteotan, Interneteko deskargen agerpenarekin, egile eskubideen eta kultur ekoizpenak kopiatzeko askatasunaren arteko gatazka, kopiak lehenagotik ere egin izan badira, esaterako kasete zintetan?

Gatazka beti egon izan da. Kasete zintetan ere agertzen zen garezur baten logotipoa. Baina kopia horiek egitea erraztu duten teknologia berriak garatu ahala, kopiak masibo bihurtu dira, eta kritikarien harrabotsak ere ugaldu egin dira.

Eta nor agerrarazi du kritikari bezala, nor urduritu da kopiatzeko aukerak ugaldu direnean?

Egileak beraiek baino gehiago, ekoizleak, eskubideen kide izendatuak jarri izan dira urdurien. Ekoizleak dira aldaketa garaietara egokitzeko arazo gehien dutenak, enpresa erraldoiak direlako. Egileak errazago molda daitezke.

Hitzaldian esan duzu edukien industriak urteak daramatzala itzalak jazartzen. Zein dira itzal horiek?

Herritarrek egiten duten teknologia berrien erabilera jazartzen du industria horrek. Baina hori betiko kontua da. Irratia agertu zenean Marconiren aurka salaketa jarri zuten vodevil artistek, haren asmakuntzak kalte egiten zielakoan. Telebista agertu zenean ere industria asaldatu egin zen, zinemari kalte egiten ziola argudiatuta. Gauza bertsua kasete zintak edo bideo zintak agertu zirenean. Eta orain Interneten aurkako jarrera daukate. Beraz, ia mende bat darama industriak herritarrak teknologia berriak balia ez ditzaten saiatzen, baina ez du inolako arrakastarik izan.

Errealitate berri horren aurka, gobernuek, kasurik gehienetan, errepresioaren bidea hartu dutela diozu. Zergatik bide hori?

Musika eta zinema industriaren presioa jarraitu besterik ez dute egiten gobernuek. Industria horiek presio lobby bihurtu dira; Espainian oso garbi, esaterako. Ia-ia legegile ere bihurtu dira. Lobbyek pentsatzen dute errekak daraman ura geldi dezaketela, eta garbi dago ez dela posible. Musika industriak jabetu behar du gaizki ulerturiko malenkonia duela. Nik uste lehenago edo beranduago konturatuko direla hori ez dela posible. Azkenak izango dira horretaz konturatzen, baina konturatuko dira, eta beste eredu batzuk planteatzen hasiko dira.

Interneteko errealitatea kalekoa baino arriskutsuagoa dela diotenak asko dira...

Niretzat ez da hala, inondik ere. Kaleko errealitatea askoz ere arriskutsuagoa da. Askatasuna dakarren erreminta orok beti du berekin arriskuren bat edo beste. Hor beti egingo dugu topo askatasunaren eta segurtasunaren arteko dikotomiarekin. Nik beti egingo dut askatasunaren alde.

Espainiako Kongresuak Sinde Legea onartu izana isekatzat jo duzu. Zergatik?

Egiten duena bitartekari edo zubi diren webguneen aktibitatea gelditzea delako. Eta hori egiteko ez du legea aldatzen, bestela juridikoki haien kontra egin ahalko litzatekeelako, baizik eta partidaren epailea aldatuz. Industria partida 10-0 galtzen ari zenean epaileari txilibitua kendu eta esan diote: «Lasai, hemendik aurrera neuk egingo ditut-eta epaile lanak». Horrek botere banaketaren oinarrizko printzipioari iseka egiten dio, argi eta garbi.

Alex de la Iglesia Espainiako Zinema Akademiako zuzendari ohiak deitu omen zizun galdetzeko zein alternatiba duen Sinde Legeak. Zer erantzun zenion?

Bai, deitu egin zidan, eta nire erantzuna izan zen Sinde Legea erreformatzeko alternatibarik ez dagoela. Aukera posible bakarra oinarrira joan eta Jabetza Intelektualaren Legea aldatzea da. Hau da, txipa aldatzea. Gure txipa bada egungo errealitate hau geratzea, beti aterako dira huts egiten duten legeak, beti joango direlako errealitatearen atzetik. Aldiz, planteatzen badugu uholde hau geratu ez, baizik eta gehiago promozionatu behar dela? Egin behar dena da kontrako eraginak ahalik eta gutxiena izan daitezela eta egile eta sortzaileak beste modu alternatiboren batekin saritzea. Hortik aterako da eredu berri bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.