«Inoizko musikagile handienetako biren lanak» entzungo dira gaur eta bihar Kursaaleko Auditoriumean, Semion Bytxkov musika zuzendariaren ustez. Bitxkovek zuzenduta, gaur Richard Straussen Elektra operako musika eta bihar Johannes Brahmsen Biolin eta biolontxelorako kontzertu bikotza eta 2. Sinfonia eskainiko ditu Koloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoak (WDR), eta Bitxkov ziur da Donostiako entzuleek jakingo dutela eskainiko zaienarekin gozatzen.
Bitxkoventzat pozgarria da WDR orkestrak Donostiara ekarri dituen programak ekarri izana: «Elektra operarik iraultzaile eta interesgarrienetako bat da; bigarren emanaldiko programak, berriz, Brahmsen musikaren mamia jasotzen du».«Strauss nahiz Brahms Alemaniako kulturaren barruan jaioak dira biak, eta gero altxor unibertsal bilakatuak», Bitxkoven ustez. «Brahms musikagile kontserbadoretzat hartu zuten, eta Strauss, gazte zelarik, abangoadiako musikaritzat. Gaur egun, atzitik, Brahms oso abangoadiakotzat jotzen da, eta Strauss klasizismoarekin lotuago ikusten da».Ez ditu hala ere elkarren arteko loturarik gabekotzat, Bitxkovek, Straussen eta Brahmsen lanak. «Elektra-k, hala testuaren bitartez nola musikarekin, giza izaera du gaitzat, eta Brahmsen programako musika, testurik gabe bada ere, horretaz ari da, soinuz osatutako istorioa eskaintzen du.Straussen musikarekin «oso konektatua» sentitu izan da betiBitxkov, «oso gertukoa» zaio. «Beti itzultzen naiz Straussengana. Ez da bakarra, beste batzuekin ere gertatzen zait hori. Musikagile bakoitza mundu bat da: Strauss bezala Brahms, Xoxtakovitx, Wagner, Bach... Bertan bizitzeko gogoa ematen didaten munduak dira horiek».Gaur egun ezinezkoa da haiena bezalako musika egitea, «musikagile bakoitza bere garaian bizi baita», Bitxkoven ustez. «Garai bakoitzean, jendea modu jakin batean janzten den moduan, garai bakoitzean modu jakin bateko musika egiten da». Hala ere, garai guztietako musika sortzaileak beren mundua adierazten ahalegintzen dira, «bere konplexutasun osoarekin, bere arazo guztiekin eta bere edertasun betean».
Oso gazterik, 1975ean, egin zuen ihes Bitxkovek SESBetik AEBetara, eta ez du bere burua Errusiako musikaren inguruan iritzia emateko gai ikusten. Baina badu bere ikuspegia musika klasikoaren egungo egoera orokorraz, mundu osoko errealitateak kontuan hartuta: «Musika klasikoak lehen baino askoz ere indar gutxiago du gaurko gizartean», Bitxkoven ikuspegian. «Galera hori ez da XXI. mendean hasi, XX.ean baizik. Musika klasikoa XIX. mendean musika herrikoia zen funtsean, eta Schubert, Verdi, eta Mozart pop musikako egile gisa ikus genitzake, musika herrikoia egiten zutenez».
XX. mendean, aldiz, musika estilo ezberdin asko sortu zen, eta horrek ekarri zuen aldaketa. «Musikak publikoa behar du, etapublikoa izango badu publiko horrekin kontaktua beharrezkoa da. Musika herrikoiak, XIX. mendea arte, oso kontaktu zuzena zuen publikoarekin, baina XX. mendean kontaktu hori galdu eta musika klasikoa deitzen hasi zen.«Publikoarekiko kontaktua berreskuratu behar du», horrenbestez, «musika klasiko deitzen den horrek», eta Bitxkovek badu horretarako hartu beharreko bidearen zantzurik: «Sortzaileekin hasten da musika. Eta XX. mendean izan dira publikoarekiko kontaktua sekula ere galdu ez duten sortzaile handiak: Xoxtakovitx, Strauss, Stravinski, Bartok, Bernstein... Sortzaileek eta musikariek publikoarekiko kontaktu hori dutenean, egiten duten musikarekin uste osoa dutenean, musika entzulearengana iristen da. Zein da musikaren zeregina? Jendea hunkitzea, emozioa sentiaraztea, kontsolamendua eta alaitasuna eskaintzea, giza izaeraren alderdi ugarien isla izatea».1997-98 denboraldiaz geroztik da Bitxkov WDRko zuzendaria, eta 2008a arteko kontratua du. «WDRko nire zikloa hasi baino ez da egin», dio hala ere. Oso gustura sentitzen da orkestrarekin eta orkestrako 118 musikariekin. «Nire orkestra da», dio (eta gero nire horrek ez duela zentzu posesiborik argitzen du). «WDRko musikariei buruz beti esango nukeena da onestak direla, zintzoak adierazteko moduetan; ez dutela snob-etik deus ere; eta beti ari direla kalitatearen aldeko borrokan. Gure artean oso ohiko esaldia da honako hau: «Ez da behar bezain ona». Eta behar bezain ona ez den hori hobetzeko lanean gogor jarraitu beharra izaten dugu.
DONOSTIAKO 65. MUSIKA HAMABOSTALDIA. SEMION BYTXKOV. KOLONIAKO IRRATIKO ORKESTRA SINFONIKOKO ZUZENDARIA
«Musika klasikoak publikoarekiko kontaktua berreskuratu behar du»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu