«Musika klasikora jo dut rockarekin ezer berririk ezin daitekeelako egin»

'Music of the Spheres' disko sinfonikoa gaur aurkeztuko du Bilbon, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Bilboko Koral Elkartearekin. Emanaldi itxia izango da.

Irune Berro Urrizelki.
2008ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Mike Oldfield konpositore eta musikariak (Reading, Ingalaterra, 1953) hogeitik gora disko ondu ditu 40 urtean. Music of the Spheres lan sinfonikoarekin beste urrats bat egin du musikaren munduan. Hilaren 18an jarriko du plazan, Universal diskoetxearekin.

Kontzeptu filosofiko-matematiko batean oinarritzen da Music of the Spheres diskoa. Zein da kontzeptu hori?

Naturaren osagai orotan egitura bat dago. Eta, adibidez, pinaburu batean dagoen eredu espiralak harreman matematikoa du musika eskalako harmonikoekin. Eredu berari jarraitzen diote naturak eta musikak.

Kontzeptu horren arabera, naturaren egituren mugimenduek musika sortzen dute. Music of the Spheres diskoan jaso duzuna musika mota hori da?

Nire asmoa ez da izan zeruko esferen musika egitea. Aurrena musika dator. Hori beti da horrela. Eta musika sortuta dagoenean, kontzeptu baten bidez definitu behar duzu. Kontzeptu horrek musika horren ezaugarri guztiak kontuan hartu behar ditu, eta zeruko esferen eta naturaren egituraren kontzeptuak aintzat hartzen ditu nik sortu dudan musikaren ezaugarriak. Horregatik jarri diot Music of the Spheres izenburua diskoari.

Ideiak soinu bihurtzen dituen teknikari gisa definitu duzu zeure burua. Nola iristen dira ideia horiek zuregana? Edo nola sortzen dira zure baitan?

Ezinezkoa da hitzekin azaltzea. Musika egitera jartzen naizenean emaitza ez da horren ona. Ateratzen zaidanak ez nau hainbeste betetzen. Aldiz, musikari igarotzen uzten diodanean, emaitza askoz hobea da. Bitartekari izateko jarrera hartzen dudanean errazagoa da dena. Musika igarotzeko korridore bihurtzen naizenean ateratzen dira pieza onak. Elektrizitatea balitz bezala lerratzen da musika korridore horretatik nigana iritsi arte. Ez dakit mundu espiritual batetik datorren, nigandik kanpo dagoen mundu batetik. Baina beldurtzen nau musika horren erantzukizuna hartzeak, ez baita nirea erabat. Nire bitartez sortzen da, ez besterik.

Music of the Spheres egin duzun lehen disko sinfonikoa da. Gogoa zenuen halakorik egiteko?

Hasieran, disko elektronikoa egitea pentsatu nuen, gitarra elektrikoekin. Baina bost minutuko pieza osatu nuenean konturatu nintzen ez zela berria, halakoak banituela. Orduan bururatu zitzaidan soinu tresna akustikoetarako musika egitea. Orkestra sinfoniko baterako konposatzea erabaki nuen. Karl Jenkinsekin harremanetan jarri nintzen orduan. Nirekin batera ekoitzi du diskoa Jenkinsek. Musikaren orkestrazioa elkarrekin egin dugu. Zailena hori izan da. Horren ondoren, dena izan da erraza eta ederra.

Lehenengo aldia da zuk sortutako musika beste musikari batzuek jo dutena. 86 musikarik grabatu dute diskoa Londresko Abbey Road estudioan. Musikari horien artean daude Lang Lang pianista eta Hayley Westenra abeslaria. Zer-nolako esperientzia izan da estudiokoa? Nola joan da dena? Zein irizpideren arabera aukeratu dituzu musikariak?

Karl Jenkins konpositore klasikoa da, eta berak aukeratu zituen musikariak; lehendik ezagutzen zituen. Orkestraren soinua beti gustatu zait; ehunka urte dituen soinua da. Jenkinsek konplexutasun handiko soinua garatu du estudioan. Tresna guztiek dute garrantzia, txikienek ere bai. Denak entzuten dira, perkusio leunak eta tresna gogorrak, soinu sendo eta ozenak. Doinu sorta aberatsa da diskoan jaso duguna. Gitarra elektrikoekin osatutako rock banda batek egin dezakeen soinu aukera baino zabalagoa da gurea.

Jenkinsen aginduetara aritu dira musikariak estudioan. Zelakoa izan da Jenkinsekin elkarlana?

Karl Jenkins eta biok musika mundu beretik gatoz; biak hasi ginen lanean 60ko hamarkadaren bukaeran: garai hartan Soft Machine taldeko kide zen Jenkins. Baina gero bakoitzak bide bat hartu zuen; musika klasikoaren bidea jorratu du berak eta rockarena nik. Diskoa grabatzeko estudioan eman dugun denboran izan dugu eztabaidarik gure artean. Gauza batzuk modu batera ikusten zituen berak, eta bestera nik. Baina estudiotik aterata kopa bat hartzera gindoazenean, denak zentzua zuela ikusten genuen. Lan ona egiten ari ginela. Pena merezi zuela.

Nahasketak, ordea, zuk egin dituzu. Notak idaztea bezain inportantea da zuretzat konponketak egitea. Estudioan grabatutakotik diskora alde handia dago?

Ezer grabatu aurretik, Jenkinsi erakusteko bertsioa egin nuen ordenagailuarekin. Tresna bakoitzaren soinuak probatu nituen, eta jasota utzi nituen, Jenkinsek jakin zezan musikariekin zer lan egin behar zuen. Bertsio hori eredu gisa erabili du Jenkinsek bere grabazioaren oinarriari konponketak egiteko. Baina diskoak soinu askoz hobea du, ez baita ordenagailu bat jotzen ari dena: pertsonak daude tresnen atzean, benetako musikariak.

Egin duzun diskorik klasikoena dela zabaldu da. Hala dela uste duzu?

Orkestra klasiko batek jo dezan sortu dudan lehen diskoa da. Beraz, klasikoa da. Egin dudan lanik klasikoena. Beharbada, norbaitek disko honen rock bertsioa egingo du, eta ez da gaizki geratuko. Batek daki. Nik ez dut egingo, dena dela.

Light And Shade aurreko diskoaren kontrakoa dela esan duzu. Aldatzeko beharra zenuelako egin duzu disko desberdina, edo horrela suertatu da, besterik gabe?

Light And Shade diskoarekin etapa bat itxi nuen. Ordenagailuarekin musika elektronikoa egiteko etapa, hain zuzen. Izugarri gozatu nuen disko hori egiten. Baina iruditu zitzaidan zerbaiten bukaera zela. Beste zerbait egin nahi nuela, niretzat berria. Eta Music of the Spheres etorri da. Iruditzen zait rockak ezin dezakeela ezer berririk eman jada. Egiten den guztia egina dago; ez behin, birritan edo hirutan: egina dago askoz aldi gehiagotan. Alabaina, uste dut musika klasikoak bide luzea duela oraindik egiteko. Benetan zerbait berria egin nahi duenak musika klasikora jo behar du derrigor.

Gauza berriak egitea gustuko duzu, hortaz. Nolakoa izango da zure hurrengo diskoa berria izan dadin?

Ez dut uste beste diskorik egingo dudanik. Music of the Spheres azkena izan daiteke. Beste gauza batzuk egin nahi ditut bizitzan: yateko patroi izateko azterketak egin berri ditut. Mallorcan bizi naiz, eta izugarri gustatzen zait itsasora ateratzea. Musika ez diren beste gauza batzuk egin nahi ditut orain.

Musika utziko duzula esan nahi duzu?

Ez dut esan nahi utziko dudanik, ez baitakit bihar zertarako gogoa izango dudan. Baina orain, behintzat, ez daukat ezer berririk egiteko asmorik.

Nolatan aukeratu duzu Euskadiko Orkestra Sinfonikoa diskoa aurkezteko? Zergatik aurkezpen kontzertua Bilbon?

Universal diskoetxeak proposatu zidan diskoa Bilboko Guggenheimen aurkeztea, eta ideia ona iruditu zitzaidan. Ezagutzen nuen inguru hau; egona naiz arinago hemen jotzen. Etorri naizenetik ideia are hobea iruditzen zait hemen egitea diskoaren aurkezpena.

Zer moduz moldatu zara Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin? Denbora gutxi hartu duzue entseatzeko...

Arazo bakarra ni izan naiz. Ez nago ohituta orkestra zuzendari baten aginduetara lan egitera. Gainerako musikariak, berriz, bai. Oso ondo ikusi ditut. Entseguak bikain atera dira.

Beste herriren batean aurkeztuko duzudiskoa?

Ez. Bilbon egingo dut aurkezpen bakarra. Baina musika idatzita dago; beraz, munduko edozein orkestrak interpretatu dezake. Nik gitarra klasikoa jotzen dut, baina atal hori txikia da. Beste gitarrista batek jo dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.