Musika. MUSIKA. Argitaratu berriak.

2011ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
BILL FRISELL & VINICIUS CANTUARIA

'LáGRIMAS MEXICANAS'

NAIVE JAZZ

Aspaldi ezagutzen dute elkar brasildarrak eta estatubatuarrak, badira 25 urte tarteka elkarlan batzuk egiten dituztela. Lehen aldiz, ordea, bi gitarra jotzaileek egitasmo berean bat egin eta diskoa kaleratu dute. Ez dira askorik urrutiratu Friselli hainbeste gustatzen zaizkion inprobisazio eta mundu kaotiko samar horietatik. Musika latinoak, jazza eta popa uztartzen dituen beste diskoetako bat litzateke Lágrimas mexicanas, une jakin batzuetan sortzen den magiarengatik ez balitz. Poliki entzun eta dastatzekoa da, hermetikoa batzuetan, baina sormen dirdirez jantzia nonahi. ANDONI TOLOSA

KORT

'INVARIABLE HEARTACHE'

CITY SLANG

Kurt eta Cortney dira Kort. Kurt Wagner Lambchopeko burua eta Cortney Tidwell kantaria, alegia. Biak Nashvillekoak eta country zaleak izanik, haientzat egokituriko egitasmoa gauzatu dute. Chart etxearen katalogoan arakatu eta hainbat kantu zahar moldatu dituzte, 50-60ko hamarkadetako bikoteen antzera. Wagnerren ahotsa entzutea nahikoa arrazoi da disko honetara hurbiltzeko, baina gainera country klasikoaren ale ederrak ezagutuko ditugu horri esker, Lambchopeko musikarien ikuspegi garaikideaz jantzita. Bat aipatzearren, Pickin' Wild Mountain Berries bizia. Aurreiritzirik gabe, oso disko gustagarria da. JON ESKISABEL

THE RADIO DEPT.

'PASSIVE AGRESSIVE. SINGLES 2002-2010'

LABRADOR

Argitaratzen dituzten EP eta singleak kontuan izanik, talde batzuentzat ia ezinbestekoa da tartean behin bilduma bat egitea. Horietako bat da The Radio Dept. Hiru disko luze grabatu ditu 2003tik hona, eta shoegazing zaratatsutik malenkonia darion popera egin du bidea, nahiz eta melodia izugarriak egiteko talentua beti izan duen taldeak. Disko bikoitz honetan single eta B alde guztiak bildu dituzte, taldearen panoramika ezin hobea emanez. Kantu ezagunekin batera, Go-Betweensen Bachelor Kisses hilezkorra eta B aldeetara kondenatuak izanda ere, ederrak diren kantu ugari bildu dituzte. MIKEL LIZARRALDE
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.