Udarekin eta eguraldi onarekin heltzen dira musika kontzertu handiak eta jaialdiak. Gasteizen Azkena Rock jaialdia hasiko da hurrengo astean, uztailean Bilbon, BBK Live jaialdiak hartuko dio lekukoa, eta baita Donostia, Gasteiz eta Getxoko jazz jaialdiek ere. Euskal Herriko udako musika programazioan sartu nahi izan da aurten Bilboko Alondegia eta zuzenekomusikaren historiaren inguruko erakusketa antolatu du. Live Music Experience erakusketak azken 40 urteetan, Gay Mercader kontzertu sustatzaile kataluniarrak bildutako memorabilia jarri du ikusgai. Besteak beste, kontzertuetako kartelak, sarrerak, argazkiak, kamisetak eta musika tresnak bildu dituzte. Horiekin batera, Euskal Herriko zuzeneko emanaldien inguruko materiala ere jarri dute ikusgai.Patricia Godes kazetari eta musika kritikariak eta Roberto Moso musikari, kazetari eta musika kritikariak dira erakusketako komisarioak. Irailaren 2ra arte izango da ikusgai.
Urte bi eman dituzte erakusketa antolatzen eta horren bidez, zuzeneko musikaren «une nabarmenen inguruko ibilbidea» antolatu nahi izan dutela argitu du Godesek. Musikaren historia erakusketa gelara ekartzean, gizarteak urte horietan bizi izandako aldaketak ere islatzen dira, haren ustez, eta ikusgarri geratzen da musikak gizartearen ohituretan izandako eragina. Beste askoren artean Bob Dylan, Jimmy Page, Joe Satriani eta Mike Oldfielden gitarrak ikus daitezke,David Bowie, Tina Turner, Bob Marley eta AC/DCk Madril, Bartzelona eta Euskal Herriko zenbait hiritan emandako kontzertuetako materialarekin batera. Godes oso pozik agertu da erakusketaren emaitzarekin eta komisario lana eginagatik: «Lehen aldiz, emakume batek izan du maila honetako proiektu bat musikaren enpresan, eta oso pozik nago horregatik», azaldu du.
Musikaren historiaren inguruko ibilbidea egitea ez ezik, ikusleek, nolabait, kontzertuen atzean dagoen industria, eta kontzertuak antolatzeko egiten den lana ezagutu dezaten nahi izan dute: «Zerbait desberdina egin nahi izan dugu, ez du zerikusik musikaren inguruko ohiko erakusketekin», argitu du Godesek. Hala, kontzertuetako giroa birsortzen saiatu dira eta, besteak beste,White Stripes taldearen kamerinoa etaphotocall bat berregin eta oihuak neurtzen dituen gailu bat jarri dituzte.
Erakusketa bost zatitan banatu dute, lehenengo laurak, hamarkaden arabera antolatu dituzte eta bosgarrena, Euskal Herriko musikarien emanaldien inguruan egituratu dute. Hala, XX. mendeko 70, 80, 90eko hamarkadetako eta XXI. mendeko lehen urteetako rock, soul, pop, hip-hop, metal eta reaggae kontzertuen inguruko materiala bildu dute. Izan ere, ahalik eta musika estilo gehienak hartu nahi izan dituzte, zale guztiek goza dezaten.
70eko hamarkadaren inguruko txokoan, beste gauza askoren artean,Bob Dylanen Epiphone J 200 gitarra eta Supertramp taldeak Mercaderri oparitutako bateria-mintza bat ikus daiteke. 80ko hamarkadakoan, berriz, David Bowie eta Bruce Springsteenen kontzertuetan eszenatokitik hartutako argazkiak eta The Cure taldeko Robert Smithen Les Paul gitarra.
Euskal Herria zuzenean
Euskal Herriko zuzeneko musikaren inguruko atalean, aldiz, bertoko musikarien kontzertuen inguruko informazioa eta materiala bildu dute, azken hamarkadetan gizartean eta musika panoraman bizi izandako giroa islatzeko asmoz. Hala, Euskal Herrian egindako kontzerturik esanguratsuenak denbora lerro batean irudikatu eta horien inguruko prentsa dosierra egin dute, nahi duen orok horien inguruko informazioa kontsultatu dezan. Musika areto eta gaztetxeen inguruko informazioa ere kontsulta daiteke berton. Halaber, zenbait kontzertu sarreren bildumarekin batera, El tubo eta Muskaria aldizkarien ale zaharrak ikus daitezke, eta horrekin batera, Eskorbutoko Josu Exposito eta Zaramako Txus Alonsok erabiltzen zuten gitarrabaita ere.
Gay Mercader 70eko hamarkadatik kontzertuen promozioan aritu da estatu espainiarrean. Beste askoren artean, The Rolling Stones eta AC/DC bertora lehen aldiz eramatea lortu zuen.
Musika, zuzeneko bidaia
Zuzeneko musikaren lau hamarkadatako garapena islatu du 'Live Music Experience' erakusketak Bilboko AlondegianGay Mercader kontzertu sustatzaile katalanaren bilduma dago ikusgai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu