Michael Nyman. Musikagilea

«Musikan egin dudana baino benetakoagoa zait filmatzea»

Batez ere, filmetarako osatutako musikagatik da ezaguna, baina hori baino gehiago da. Bilboko Campos antzokian ariko da bihar.

FRANCESCO GUIDICINI.
Igor Susaeta.
2012ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Londrestik erantzun die galderei Michael Nymanek (Londres, 1944). Elkarrizketak emateko eguna du, eta komunikabide bakoitzari 15 minutuko tartea eman dio. Ez gehiago, ez gutxiago. Lanpetuta dabil, han eta hemen jotzen dabil eta. Euskal Herrian ere bai. Bilboko Campos antzokian ariko da bihar, eta Michael Nyman Solo & Cine Opera ikuskizuna aurkeztuko du, 20:00etan. Hilabete batzuen bueltan bigarren aldiz, hortaz, gurean. Izan ere, joan den otsailean Kursaalean jo zuen, Donostian. Orduan, Michael Nyman Bandaren anparoan aritu zen; gaur, ordea, bakarrik. «Pianoarekin jotako abestiekin eta film batzuen irudiekin zein irudi horiei jarritako musikarekin egindako konbinazio bat izango da kontzertua».

Nyman ez baita musikagile soila bere horretan. Batez ere, filmetarako osatutako musikengatik da ezaguna mundu osoan, baina hori baino askoz ere gehiago da. Musika idazten du, filmak egiten ditu, argazki erakusketak... Berari buruz esan izan dute Errenazimentuko gizona dela, askotariko artista. Kontzertuan aurkeztuko duen «konbinazioa» da Nyman gaur egun.

Eta «gogotsu» dabil alde bateaneta bestean jotzen. «Egia da nekagarria izan daitekeela, baina niretzat plazer handia da jendearen aurrean jotzea». Pianoaren aurrean esertzen denean, zera esaten dio bere buruari: «Hau da momentua». Egoera «erabat» kontrolatzen duela sentitzen duelako.«Pentsatzen duzu zeure baitarako: 'Ni naiz hau egin dezakeen bakarra, zortea daukat honetarako aukera daukadalako'». Ahalegintzen da bere onena ematen, eta prozesu horretan «zailtasunak» era naturalean onartzen ditu. «Izan ere, estresa desagertzen da, edozein arazo ahazten duzu».

«Pianoaren bidez» komunikatzen du nahi duena. «Era askean». Baina badaki ez dagoela bera bakarrik jotzen, publiko bat daukala aurrean. «Ikuskizunaren 90 minutuetan adi egoten da, gainera!». Ikusleak kontrolatuta dauzkala sentitzen baitu: «Neure baitarako ari naiz, baina zerbait komunikatzen. Sentitzen duzu publikoa kontrolatzen ari zarela, baina ez edozein modutan; musika ari da hitz egiten, komunikatzen. Halere, ni naiz musika, nik sortu dudalako». Eta esandakoari hotsandia kendu nahian, ondokoa gehitu du, umorez: «Uste dut maiteminduta nagoela kontrolatzeko modu horrekin, nire ikuspegia aurkezteko manerarekin».

Hiru ataleko saioa

Campos antzokian emango duen saioaren hiru atalen zehaztasunak argitu ditu Nymanek: «Aurrenekoan, nire piezak joko ditut pianoarekin, bakarrik. Gero, bideoarte irudi batzuk emango ditut [Cine Opera deitzen die Nymanek], eta horiei jarritako musikako piezak erantsi. Eta, azkenik, Dziga Vertov zinemagilearen Man with a Movie Camera filmari jarritako musika interpretatuko dut. Eta, beharbada, zerbait gehiago; ikusiko dugu...». Vertov zinemagile errusiarrak 1930eko hamarkadan egin zuen zinema dokumentalarekin zoratzen dago aspalditik Nyman. «Uste dut harenak direla garai hartako irudi gogoangarrienetako batzuk. Oso ondo islatzen du gizartea». Hark egindako lanaren bueltan ikertzen jarraitzeko intentzioa dauka.

Musika jartzen die irudiei kasu horretan, 40 urteko ibilbidean beste askotan egin duen bezala. Ahozkoa ez den komunikaziorako bi bideak horiek direla pentsatzen du, musika eta irudiak. «Eta ni saiatzen naiz bi bide horiek erabilita zerbait komunikatzen». Nymanek berak ere egin izan du zinema dokumentala, eta berak egindako argazkiekin ere erakusketak jarritakoa da. «Zaila» egiten zaio esatea zein eremutan sentitzen den erosoago, baina uste du musikari gisa egiten duena zinemagile gisa egiten duena baino «pertsonalagoa» dela. «Baina filmak ere egiten ditut, eta parean dagoena grabatzen dut kamerarekin. Ez dut ezer prestatzen, ez dago aktorerik... Tira, badaude, baina zu zeu edo ni neu izan gaitezke». Eta filmei buruz ari dela, aitortza bat: «Esan beharra daukat parean daukadan filma hartzeko, deskubritzeko eta kontrolatzeko sentsazioa musikan eduki dudan edozein esperientzia baino benetakoagoa dela».

Horren harira, orain gutxi gertatutako esperientzia bat kontatu du. «Mexiko Hirian nengoen [etxe bat dauka han], eta etxetik atera nintzen kamera batekin. Luis Cabrera plazara jo, eta han ikusitakoak Federico Felliniren film bat zirudien. 28 minutu grabatu nituen han gertatzen ari zenarekin». Ondo erreparatzen dio mundu osoan egiten den zinemari, baina berak sortzen dituen lanak«orokorrean» egiten diren filmetatik «oso urrun» sentitzen ditu. «Oso diferenteak dira». Derrepentean bi zinemagileren izenak bota ditu, miresmenez: Michael Haneke eta Carlos Reygadas. «Beharbada egingo dut noizbait Reygadasen filmen baterako musika...». Zuzendari onenaren saria eman diote Cannesko jaialdian.

Ez dirudi, behintzat, Peter Greenaway zinemagilearekin berriro lan egingo duenik sekula. 1982 eta 1992 bitartean galestarraren film luze zein labur dezenteri jarri zien Nymanek musika. Halere, urteak dira haserre daudela, elkarri ez diotela hitz egiten. Nymanek aitortu du «tarteka» faltan ematen duela filmetarako musikak egitea. «Baina ez da erraza. Gainera, nekagarria da. Filmak egiterakoan denbora asko galtzen da edozein erabaki hartzeko orduan». Nymanek, ordea, ez du denborarik galdu, eta elkarrizketako 15. minutua betetzear dagoenean eten du solasaldia, adeitsu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.