Bosgarren urtez antolatu dute Dock of the Bay jaialdia Donostian. Bihar hasi eta igandera bitartean, musikarekin loturiko zortzi dokumental eta hiru kontzertu eskainiko dituzte. Dokumentalak ikusteko sarrerak sei euro balio du, eta kontzertuetarakoak 12 euro.
1. 'Talihina Sky: The Story of Kings of Leon'
Talihina Sky filma muturreko kontrastez betea da —groupie-ak eta birak, suge, errifle eta txakur begibakarren alboan—, eta azalera ateratzen du Followill anaien eta haien lehengusu Matthewren (The Kings of Leon taldearen) jatorri landatarra. Dokumental honek haien salbamena eta gaur egungo arrakasta erakusten dizkigu, dikotomia ahaztezinen bidez: haur batzuk, rockeko jainkoak balira bezala gurtuak edo makrojaialdien aitzindari, eta, han, herrian, berriz, haien lagunak ferra jaurtiketan, pistolez hizketan eta barbakoa aberkoiak egiten.
•Noiz: Bihar, 20:00etan. •Non: Trueba zineman.
2. 'Quiero tener una ferretería en Andalucía'
Joe Strummerrek Espainiako hegoaldean «galdutako urteen» gainbegiratu atsegina. Edo The Clash taldeko lider ohia nola nazkatu zen Ingalaterraz eta nola antolatu zuen corraliyoa Granadan eta Almerian (Espainia). Eguneroko bizitzako pasarteen eta pasarte humanoen bilduma ederra, The Clash taldearen liderrarentzako omenaldi kuttuna. Carles Prats espainiarra da zuzendaria.
•Noiz: Etzi, 20:00etan.
•Non: Trueba zineman.
3. 'The Sacred Triangle: Bowie, Iggy & Lou 1971-1973'
Hiru jenioen (David Bowie, Lou Reed,eta Iggy Pop) ibilbideek bat egin zuten funtsezko hiru urtetan. Ziggy, Transformer eta Raw Power sortu ahal izateko izan zituzten eraginen uztarketa kontatzen du dokumentalak, minutuz minutu. Batzuetan, filmak antz handiagoa du Agatha Christieren liburu batena, rockari buruzko dokumentalarena baino. Izan ere, agerian gelditzen dira antzinako aliantzak eta elkarguneak.
•Noiz: Etzi, 21:20ean.
•Non: Trueba zineman.
4. 'The Black Power Mixtape 1967-1975'
Urteko harribitxietako bat, ez soilik dokumentalaren esparruan: goren mailako aurkikuntza historikoa. Azalera atera da bederatzi urtean zeharreko AEBetako kultura beltzari buruzko filmaketa luzea, 60ko eta 70eko hamarraldietan suediar kazetari talde baten begirada freskoaz filmatua.
•Noiz: Larunbatean, 17:45ean.
•Non: Antzoki Zaharrean.
5. 'Next Music Station: Morocco'
Maroko eta hango soinu paisaia ezagutuko ditugu film honetan, Oum lagun dugula, Marokoko kantagintza modernoaren urretxindorra. Marrakecheko abeslariak herri batetik bestera eta musika estilo batetik bestera eramango du Fermin Muguruza, eta, harekin batera, ikuslea bera, tradizioaren eta modernitatearen arteko joan-etorri etengabean.
•Noiz: Larunbatean, 19:30ean.
•Non: Antzoki Zaharrean.
6. 'Queen - Days ofOur Lives'
Film argi eta didaktiko honek Queen taldearen behin betiko historia laburbiltzen du. Den-dena dago hemen, diskoz disko (anekdotaz anekdota), hesirik eta edulkoratzailerik gabe, ateak parez pare zabalik. Hauxe da haien bizitza, Matt O'Caseyk filmatua.
•Noiz: Larunbatean, 22.00etan.
•Non: Antzoki Zaharrean.
7. 'Toots and The Maytals - Reggae Got Soul'
Eric Claptonek dio: «Toots soul singer bat da». Ba al da kontrakoa esatera ausartzen denik? Ia mundu guztia bat dator honako baieztapen eztabaidaezin honekin: Toots Jamaikako kantaririk onena da, edo soulful-ena, behinik behin.
•Noiz: Igandean, 19:00etan.
•Non: Trueba zineman.
8. 'Last Days Here'
Last Days Here filmean barre guztiak isildu dira. 70eko hamarraldiko Pentagram hard-rocker eta doom aitzindarien abeslari karismatikoa izan zen Bobby Liebling. Gaur, hilzorian da, aitaren etxeko sotoan, crackez eta heroinaz lepo; zonbi izugarri bat. •Noiz: Igandean, 20:20ean.
•Non: Trueba zineman.
Musikaren istorioak irudietan
Zortzi musika dokumentalek eta hiru kontzertuk osatzen dute Dock of the Bay jaialdia, Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu