Erreportaje aurrerapena

"Musikari gisa, nire eginkizuna hona etortzea dela uste dut"

Ruper Ordorika disko berria grabatzen aritu da New Yorken, udazkenean argitaratzeko. BERRIA harekin egon da, eta hiriaz, bertako musika eszenaz, eta hango musikariekin aritzeak bere ibilbidean izan duen garrantziaz mintzatu da kantaria, besteak beste.

2011ko uztailaren 19a
15:12
Entzun

Igor Susaeta kazetariak landutako erreportaia argitaratuko du bihar BERRIAk. 90eko hamarkadatik New Yorkeko musikariekin grabatzen ditu Ruper Ordorikak bere diskoak, eta Haizea Garizumakoa (2009) bezala, Brooklyngo estudio batean grabatzen aritu da bere lan berria. "Ez dakit zehazki zergatik grabatzen dudan hemen, baina uste dut nire eginkizunen artean dagoela (…) Beste arlo batzuetan normala bada euskaldunak han eta hemen ibiltzea, musikan zergatik ez?", azaldu du Ordorikak.

New Yorkek "haratago joateko" aukera ematen duela nabarmendu du kantariak. Diskoak AEBetan grabatuz "beste bizipen bat sartzen dut nire esperientziaren zakuan, eta esango nuke bizipen horiek eragina dutela diskoetan". Halaber, hango musikarien jarrera goraipatu du. "Disko baten grabaketan sartzen dira eta jotzen dute hurrengo egunean hilko direla jakingo balute bezala. Hemen pasioa da jarrera. Hil ala bizikoa, beti. Ez dago berriketarik, no bullshit, beraiek esaten duten moduan. Jo. Baina jo!”.

Hiriaren soziologia ere hizpide izan du Ordorikak solasaldian. "Kanpotik homogeneoa dirudi, baina hona etorri eta gauza oso deigarriak ikusten dituzu. Hemen, Greenpointen, adibidez, bi eliza kristau dituzu. Kanpaiak aditzen dituzu, eta igande goizean andra-gizonak mezara joaten dira. 10 minutu ibilita, Puerto Ricon zaude. Hemen ez da desagertu jendeak jatorriarekiko sentitzen duen beharra. Amerikanizatu dira, baina neurri batean".  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.