Musikarien indibidualismoaz eta bakardadeaz mintzatu zen Eñaut Elorrieta Ken Zazpi taldeko musikaria atzo arratsean Debako Kultur Elkartean (Gipuzkoa), herriko Euskara Zerbitzuak musikaz eta identitateaz gogoeta egiteko antolatutako hitzaldi zikloari hasiera emanez. Musikariaren itzala eta bakardadea izenburua eman zion, hain zuzen ere, Elorrietak hitzaldiari.
Musikari izateaz gain, eta musikari izan baino lehenago, beti izan da Elorrieta «entzule amorratua», eta, entzule den aldetik begiratuta, musikaren garrantziaz eta indarraz mintzatu zen hitzaldiaren hasieran. «Gure bizitzako gertakari garrantzitsuenak kanta jakin batzuekin lotuta daude, soinu banda bat dute». Gizabakoentzat ez ezik, kolektiboentzat ere askotariko balioak ditu musikak: terapeutikoa, sinbolikoa, identitarioa... Musika pertsonen nahiz kolektiboen barruraino iristen delako. Musikak duen indar horrek sentimendu bortitzenen erdi-erdian kokatzen du musikaria. «Maitatuak sentitzen gara. Baina gorrotoa digutela ere sentitzen dugu. Seguru asko, musika horren barruraino iristen delako gertatzen da hori». Musikariak, izan ere, oso «garrantzitsuak» dira gizartearentzat.
«Musikariak ego handiko pertsonak gara, protagonista izan nahi dugu, exibizionistak gara, akaparadoreak, bekaiztiak», esan zuen aurrerago Elorrietak. «Pertsona guztiek dute egoa, jakina; denek dute inbidia, denek protagonismo nahia, baina gu gainditu egiten gaitu horrek guztiak, eta elkartuta jokatzea galarazten».
Anekdoten bidez ilustratu zuen musikarien arteko indibidualtasun gehiegizkoa. Ken Zazpiren ibilbidearen hasieran Ondarroako jaietan talde ezagunago baten aurretik jotzeko aukera izan zuten gauekoa, adibidez. Emanaldiaren aurretik, taldekoekin eta antolatzaileekin afaltzen ari ziren, oso gustura, talde ezagun hartako kideak beren musikaz interesatuta agertzen ari zirelako. «Halako batean, ordea, taldeko buruak esan zien antolatzaileei, gu seinalatuz: 'Aizu, hauek badute jotzeko ordua, e'. Gero, gainera, teknikari batek esan zigun lau bozgorailuetatik bi baino ez zeudela piztuta guk jo genuen bitartean».
Diskoetxeentzat, «erosoa»
Musikarien arteko elkartasun falta hori diskoetxeentzat «erosoa» delakoan dago kantari eta gitarrista bizkaitarra. «Diskoetxeekin kontratuak banan-banan sinatzen dira, eta musikarion aldetik ez dira inoiz adostu, adibidez, kontratuetarako minimo batzuk». Horregatik, musikariak musikaren merkatuari martxan eusten dioten «pilak» dira. «Kargatuta gaudenean, ondo gaude, eta gastatzen garenean aldatu egiten gaituzte, eta kito». Errua ez da, ordea, diskoetxeena, musikarien elkartasun faltarena eta arduragabekeriarena baizik.
Musikarien arteko giroak bertsolarien artean dagoenarekin antz handiagoa izatea nahi luke Elorrietak, bertsolarien artean interes indibidualen eta kolektiboen arteko oreka egokia dagoela uste baitu. «Bertsolariek txapelketak jokatzen diuzte, elkarrekin lehiatzen dira, baina erreferentzia kolektibo egituratua dute. Musikarion artean, ez dago halakorik».
Musikarien arteko «transmisio falta» ere agerikoa da, Elorrietaren ustez. «Inertziaz egiten ditugu gauza asko, gogoetarik gabe, hala egin behar dela esaten digutelako. Ez dugu aurrekoek izandako bizipenen berririk jaso eta haiek hanka sartu zuten leku beretan sartzen dugu hanka guk ere, horren ondorioz».
Musikaren munduan aldaketak gertatzen ari dira egun, eta industria hasia dago aldaketa horietara egokitzen. Musikariak, ordea, ez dira aldaketa garaiak behar bezala baliatzen ari, protagonista izateko, mekanismoari mugimendua ematen dion pila huts izatetik harago jotzeko. Hori da, behintzat, Eñaut Elorrietaren irudipena, bere esperientzian oinarritua.
Ordura arte musikariak definitzeko erabilitako adjektibo guztiak errepasatu zituen amaieran Elorrietak, kutsu negatibo nabarmenekoak haietako gehienak, azkenean hitzaldia musikariari buruzko irudi samur batekin errematatzeko: «Maitatua izatea besterik nahi ez duen ume txikia da musikaria».
Musikaria bere bakardadean
Musikarien artean beste sektore batzuetako sortzaileen artean baino elkartasun gutxiago dago, eta horrek ondorio kaltegarriak ditu musikarientzat, Eñaut Elorrietaren iritziz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu