Musikaz busti besta giroan murgilduko da gaur Miarritzeko Festilasai

Sakya, Panda Valium, Scratch Bandits Crew eta Beasty BeatBox artistak bilduko ditu hitzorduak

Erredakzioa
Baiona
2012ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Eskuragarria izan nahi duen prezioan, musika eta lerra kirolak uztartzeko parioarekin, Miarritzeko VII. Festilasai izanen da gaur. Auzo diren Mizanbu gaztetxea eta Skate parkea ditu antolatzaile, eta horien aitzinean dagoen plazan iraganen da besta, kanpoan. Lapurdi itsasaldeko udako hitzorduen artean bere zuloa egina duela deritzote haiek. 18:00etarako finkatua dute bestaren abiatzea.

Hainbat estilotako musikak aldizkatuko dira. Rocka, Sakya taldearen eskutik. Instrumentu akustikoak eta ordenagailuak nahasiz, rock hibridoa sortzen du horrek, dub estiloak tindatzen duena, elektrotik hurbil. Scratch Bandits Crew taldeko kideek, hip hop estiloko ordezkari, skratxeatzeko instrumentu propioak garatuak dituzte. Artean, Scratch controlled instrument prototipoa. 31 Novembre diskoa kaleratu zuen taldeak apirilean. Hip hop munduko erreferentziazko soinuz betea, jazz eta soul musikari ere tarte bat egiten dio horrek. Bigarren hip hop munduko gomita, Beasty BeatBox artista da. Frantziako Human Beatbox txapeldun izan zen 2010ean. Panda Valium artista euskalduna izanen da elektro soinuen ekarle. Copaiba diskoa atera zuen maiatzean Moi Moi Recordsekin. Diskoaren haritik, kontzertuak hiru musikari lagun dituela eskaintzen ditu.

Arte garaikidea zintzilik

Baina musika ez da eguneko osagai bakarra. Arteari ere leku bat atxikia diote. Batetik, Delwood artistak performance bat eginen du, eta, bestetik, Point8 kolektiboko artista andana batek bere obrak zintzilikatzekoak ditu. Lerraren kirolzaleentzako Skate Flat lehiaketa prestatua dute. Gero eta izen ezagun handiagoak elkartzen ditu urtez urte lehiaketak. DJ Skillz miarriztarrak animatua, denei irekia da, eta 200 euroko saria jarriko dute jokoan. Borobiltzeko, izanen da zer jan eta zer edan Festilasai herrixkan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.