Zinema

Nagisa Oshima zinema zuzendaria hil da

Nagisa Oshima zinema zuzendari japoniarra gaur hil da, 80 urterekin. Donostiako Zinemaldiak atzera begirakoa eskainiko dio aurten.

mikel lizarralde
2013ko urtarrilaren 15a
15:58
Entzun

Oshima 60ko hamarkadan Japonian ernatu zen zinemagile olatu berriaren ordezkari nagusietakoa izan zen, baita jaioterritik kanpo oihartzun handia lortu zutenetako bat ere. 1959an Aito Kibo no Machi / Street of Love and Hope lehenengo film luzea estreinatu zuenetik 2000. urtean Gohatto egin zuenera arte, 23 pelikula luze filmatu zituen, eta haietako batzuek arrakasta ez ezik iskanbila ere eragin zuten hala Japonian nola mundu osoan. 

Oshimak (Kyoto, 1932) zuzenbidea ikasi zuen, eta unibertsitatean bertan zaletu zen literatura eta antzerkira. Ikasketak amaituta, zinema ekoiztetxe batean hasi zen lanean, eta gerora berea sortu zuen, nahiz eta denborarekin porrot egin zuen.

60ko hamarkadan film ugari egin zituen Oshimak, eta zinemagileak erakutsi zuen gizartearekiko eta politikarekiko oso jarrera kritikoa. Nazioarteko onespena eta arrakasta, ordea, Ai no Korida / In the Realm of the Senses (1972)  filmak eman zion. Gerra aurreko Japonian girotua, jauntxo baten eta haren zerbitzariaren arteko harremana kontatzen zuen sexu eszena esplizituak erabiliz. Japonian zentsura ezarri zioten filmari, eta New Yorkeko zinema jaialdiak ez zuen onartu. Cannesen, ordea, sari nagusia jaso zuen, eta horrekin batera, oihartzun handia.

Orduz geroztik egindako filmen artean Merry Christmas, Mr. Lawrence-k ere (1984) oihartzuna izan zuen. Lan hartan David Bowie eta Ryuichi Sakamoto musikariak izan zituen protagonista nagusi.

Donostiako Zinemaldiak azaroan iragarri zuen aurtengo ekitaldian atzera begirakoa eskainiko diola Oshimari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.