Maialen lujanbio (bertsolaria)

"Nahi nuke bertsokera lurrari lotua izatea; ederra, baina idorra"

Ez daki txapeldun izateko ezaugarri jakin batzuk zerrenda litezkeen. Sebastian Lizaso, Jon Lopategi eta Andoni Egaña txapeldunak ere elkarrengandik oso desberdinak zirela dio, nor bere garaian. Bera da segidan azkena. Bideoa: Maialen Lujanbioren elkarrizketa (Beñat Zamalloa, BerriaTB). [YouTube]http://youtu.be/QLtBf7d1u94[/YouTube]

2013ko abenduaren 9a
15:02
Entzun

Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapela berriz ere buruan duela zein txapelik gabe, abenduaren 16an "pozik eta beteta" esnatu nahi luke Maialen Lujanbiok (Hernani, 1976). Lau urtez txapelaren ardura izan ondotik, txapeldunaren lekua jokoan jarriko dela kontziente izanik, garbi du finalera "onena" ematera joango dela.

Zertan nabaritu duzu txapeldun izan zarela?

Ez da izan oso gauza nabarmenki presentea. Momentu batzuetan, ardura modura bizi izan dut pixka bat, baina ez da ohiz kanpoko ardura bat izan. Ardura hori nahiko modu konpartituan sentitzen dut nire belaunaldiko jendearekin edo inguruko bertsolariekin. Ez naiz besteengandik aparte edo inoren buru sentitu. Ez da muturreko gauza izan; nahiko gauza barea izan da.

Txapelak zer izan du argitik?

Txapeldun izatea izugarrizko saria da norberaren ibilbidean. Zure lana errekonozitua izatea oso-oso gauza ederra da. Horretarako, noski, ez da txapelaren beharrik, baina txapelaren ondoren gauzak ondo atera bazaizkizu, argi handiena hori da: errekonozimendua, esker ona, zure lana zoriontzea… Hori da alderdi ederrena.

Eta zer itzaletik?

Alderdi iluna baino, gehiago da nekea: komunikabideetan egon beharra, bistan egon beharra, zenbait konpromiso, ardura… Pixka bat zure leku sinboliko horri dagozkionak dira. Ez da izan pisua, boladaka nekosoa baizik. Sari horren ordaina hori bada, nik uste dut onartzeko prest gaudela.

Txapelpetik ulertzen duzu bertsolari batzuek txapela irabazteko gogorik ez izatea?

Bai.Ulertzekoa da jende batek bere izaerarengatik edo bertsoa bizi nahi duen moduagatik nahiago izatea ardura hori ez hartzea. Hala ere, hori esaten duenak estutzen du bere burua, eta zerbaiten bila dabil: deitu txapela edo deitu bere aspirazio pertsonal hori gainditzea. Helburuak forma desberdinak izan ditzake, baina aurrera egiteko, hobetzeko eta ahalik eta ondoen kantatzeko akuilua hor dago.

Orduan, zenbateraino duzue txapela bera akuilu?

Badakit irudi xelebrea ematen dugula ez dugunean txapela aipatzen txapelketaz ari garenean. Azkenean, lehia batean ari gara. Nik uste dut denok kontziente garela eta denok onartzen dugula lehia dela eta txapel bat dagoela jokoan. Berez, anbizioa edo gogoa bada txapela irabaztekoa, baina gertatzen dena da, eta horregatik aipatzen da hain gutxi txapela, bertsotan irabazteko modu bat baino gehiago egon litezkeela. Irabazle bakarra ez da txapelduna izaten. Irabaz dezakezu saio izugarri on bat eginda, eta nahi bada, bi poto eginda, baina jendearen burutan uzten baldin baduzu saio bat edo uzten badituzu bertso eder batzuk, hori bada irabazteko beste modu bat.

Adierazia duzu orain jokoan dagoena beste txapel bat dela. Lehiaren abiapuntua ez duzu txapeldun izatea?

Gauza jarrai bat bezala bizi dut, noski. Lau urteko epe hau berezia izan da, txapeldunaren ikur hori izan dudalako, baina, denon eta nire ibilbidean, beste gailurtxo bat da hau. Dena ibilbide baten barne da. Arraroa zait gauzak planteatzeko modu hori. Kontziente naiz txapeldunaren lekua jokoan jarriko dela berriz, eta orain arte ni nintzena ez dakigula nor izango den. Badirudi ez zarela txapela defendatzera joango esateak esan nahi duela ez zoazela lehiara, edo ez zoazela zure onena ematera. Nik esan nahi dudana da termino horiekin ez naizela identifikatzen. Finalera onena ematera joango naiz. Hori garbi dago.

Bertsokerari dagokionez, zein intuiziorekin eta nondik nora joan nahian zabiltza?

Ez da erraza azaltzen hitzez hitz zer egin nahi duzun. Bertso ibilbidean etengabeko kontraesanetan zaude, etengabe jartzen duzu zalantzan egiten ari zarena: gustatzen zaizun, ez zaizun, zer esaten ari zaren… Etengabe ari zara krisi txiki horietan. Txapelketan hori azpimarratu egiten da: behatzea zer egiten ari zaren, eta horri buruz gogoeta bat egitea... Orduan, ezin dut garbi esan zer egingo dudan. Tendentzia bezala esan nezake nahiko nukeela lurrari lotutako bertsokera bat egitea gure inguruaz, pertsonez, gizarteaz eta errealitateaz hitz egingo duena. 2001ean ere ez nuen gauza teorizatu bat egin. Intuizio bat neukan, eta hor hasi nintzen zerbaitekin. Hark bere bidea egin du. Orain, handik nator, eta beste bidezidor batetik noa. Lehen, edertzen saiatzen nintzen, eta, orain, idortzen saiatzen naiz. Lurrari lotua izan dadin nahi nuke, eta, era berean, hizkuntza aldetik ere ederra, baina idorra.

Zer lortu nahi izan zenuen edertzean, eta zer lortu nahi duzu idortzean?

Garai batean, beste ezinegon batzuk neuzkan edo beste bertsokera batetik nentorren. Beste adin bat ere banuen, eta, nerabe nintzenean, beste bertsokera bat ere bai. Garai hartan, nahiko murritz sentitzen nuen nire bertsokera, nire gaiak ere nahiko murritzak ziren. Pixka bat ito egin ninduen nire estereotipo horrek. Saiatu nintzen erakusten beste alderdi batzuk, eta edertzea pixka bat hortik etorri zen: bertsokera gozoagotzetik; eta, agian, intimoagoak edo poetikoagoak ziren beste tonu batzuk hartzetik. Nire bertsokeraren tonua zabaltzeko ahalegina egin nuen. Horrek egin du bere bidea, eta bide hori ez da bukatzen. Orain ere saiatuko naiz ahalik eta ederren egiten, baina ez nuke nahi hutsaren gaineko jolas estetiko bat izaterik. Hori ez da nire helburua. Edertasun hori bidea izan dadin nahiko nuke. Hainbeste aipatzen den azken urteetako deskribapenaren eta narrazioaren joera, helburu baino gehiago, gure inguruaz hitz egiteko bide izatea nahi nuke.

Horiek horrela izanik, zerekin kargatu nahiko zenituzke bertsoak garaiotan?

Edukiz. Edukietan jarri nahiko nuke balantza. Horrek ez du esan nahi ederra egin nahi ez dudanik. Bertsoak horretan datza: eraginkorra izatean, esateko modu ederretan… Modu askotan izan liteke ederra. Izan liteke oso lirikoa edo izan liteke oso lehorra, oso prosaikoa, baina ederra.

Txapelketa hastear zela adierazi zenuen txapelketarako, batez ere, ñabardurak lantzen dituzula. Zein ñabardura lantzen egin duzu ahalegin berezia?

Hizkuntzan jarri dut arreta bereziki: errimategian eta gauzak esateko moduan arreta jartzen. Gero, ez dut uste desberdintasuna hainbeste igartzen denik emaitzetan. Hortik aurrerakoa gaiei buruz pentsatzea izan da.

Txapelketak soiltzera jo du aurten. Joera horretan BEC kontraesana da?

Ez, nire ustez ez da batere kontraesana. Txapelketak izan duen planteamendua garaiari egokitzen zaion modukoa izan da, eta baita bertsoa bereziki mimatuko duen modukoa ere. Pixka bat inguratzen gaituen estetikari lotutakoa izan da. Gainera, erakutsi da ez dela handikeria. Jende asko geratuko da kanpoan, eta hainbeste jendek ikusiko du telebistatik. Uste dut jendea fidela dela, bertsozale fidela, eta txapelketa zalea ere badela bertsozale hori. Azkenean, ondo egindako lanaren isla da.

Bertsogintzak baditu garaiotara ongi egokitzen diren ezaugarri batzuk?

Uste dut bertsolaritzak badituela ezaugarri batzuk jendearentzat erakargarriak direnak. Dialektikatik beretik hasita, elkar entzutearen eredu txiki bat izan liteke gizarte honentzat. Arrazoiketan oinarritzea ere izan liteke beste bat. Ikuskizun bezala ere oso-oso soila da: ez dauka parafernaliarik, ez dauka ezer faltsurik. Momentuan eta egun horretan gertatzen da, eta egia da horrek ematen diola sinesgarritasun edo benetakotasun bat. Askotan bertsoaren inperfekzio guztiak ematen dio benetakotasun bat. Ez dauka tranparik. Egin ahal da, egin ahal dena. Oso jardun hurbila ere bada, oso eskuragarria edozeinentzat. Oso testuinguru desberdinetan gertatzen da, eta horrek ere ematen dio lotura bat jendearekin, lotura bereziki hurbila.

Ikusten diozu intentzio jakinik hedabide batzuek bertsogintza ezker abertzalearekin lotzeari?

Bai, dudarik gabe. Uste dut gai interesantea dela hori, eta hitz egin litekeela horretaz, baina hitz egin, ezagutzatik; eta ez, ezagutu ez, eta topiko interesatu bat elikatzeko helburuz. Azkenean ezezaguna eta kontrolatzen ez dena, mugimendu bezala menpeko ez dena, desprestijiatzeko modu bat izan liteke. Independentea den mugimendu bat zeureganatu ezin duzunean, desprestijiatzea da joera ohikoa hemen.

Hala ulertzeko aukerarik badela uste duzu?

Uste dut irakurketa horiek urrutitik egiten direla, eta hori dela arazoa. Lau urtean saio batera edo bitara joaten den pertsona batek, txapelketako bi saiotara joaten denak, lau agur edo ez dakit nolako bi gai entzuten dituelako, horrelako ondorio bat atera lezake. Urtean zehar guk egiten ditugun adina saio egingo balitu, askoz pultsu errealagoa izango luke bertsolaritza zer den eta zenbat den, aniztuna den edo ez den. Egia da diskurtso jakin batzuk entzuten direla, baina gure errealitatearen parte dira, eta nik uste zilegi dela horiek entzutea. Ez da esan ezin den gauza bat. Batez ere, distantziagatik eta ez ulertzeko gogo batetik egiten da irakurketa hori. Badago gaia, badago mamia hor, baina ezagutzaren gainean hitz egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.