NAZIOARTEKO TRIKITI JAIALDIA. A

Euskal Herriko eta atzerriko musikariek soinu diatonikoaren ugaritasuna erakutsi dute Donostian

MIKEL LIZARRALDE - DONOSTIA
2005eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Gaztetasun ia lotsagabea eta eskarmentua. Euskal doinu tradizionalak eta Europako hainbat herrialdetakoak. Donostiako Kursaaleko Ganbera aretoa kontrasteen erakusleiho handi bat bihurtu zen atzo Nazioarteko Trikiti Jaialdian. Kontrasteena bai, baina baita soinuaren aberastasunarena ere.

Euskal Herritik kanpo soinu diatonikoak hartzen duen bidearen erakusle izatea da jaialdiaren zio nagusietako bat. Bestea Euskal Herrian tresnak zein adierazpide dituen taula gainean jartzea. Eta atzoko jaiak hori bera egin zuen, etxekoen artean gazteen lana nabarmenduz. Plazaz plaza eta txapelketetan trebatutako trikitilari gazte ugari dago Euskal Herrian, eta Kursaalean ere ez ziren kikildu nazioarteko jaialdian. Gazteak izan arren batzuk oso gazteak, lotsarik gabe aritu ziren eta teknika maila oso handia erakutsi zuten. Euskal trikitilari gazteek tradizioari eutsi zioten bezala, atzerritik etorritako soinu jotzaile eta laguntzaileek, tresnaren aberastasuna utzi zuten agerian. Herri musikak har ditzakeen hamaika bide aurkeztu zituzten, bakoitzak bere nortasunarekin.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa abian izanik, trikiti jaialdian ere protagonismoa hartu zuen bertsoak Amets Arzallus eta Sustrai Colinaren bitartez. Haiek taulagainera igo aurretik, ordea, entzunak ziren lehenengo doinuak Kursaalean. Leire Zumeta, Amaia Arza, Eneritz Bengoetxea eta Edurne Errandonea erromeria eta txapelketatan aritu dira oso gazteak izan arren Bengoetxeak 14 urte ditu eta Errandoneak 12, eta atzo beldurrik gabe eta indarrez eman zioten ongi etorria jendez beteriko aretoari. Fandago eta arin-arin bana jo eta gaueko lehenengo txalo zaparrada jaso zuten.

Abiadaz eta dantzarako musikaz hasi zen jaialdia baina lasai eta sentikor jarraitu zuen. Marc Perrone soinu jotzaile frantziarra gurpildun aulki batean eserita agertu zen agertokira eta lehenengo pieza triste, malenkoniatsu eta dotorea eskaini zuen. Perronek zinemarako musika egin izan du, eta atzo erakutsi zuen bere musikak asko duela zinematik. Begiak itxita eta soinu hutsarekin erritmoa markatuz, Perronek pasarte melodikoak eta esperimentalagoak uztartu zituen, eta Marie Odile Chantran abeslaria igo zenean Parisko bistro batera eraman zituzten entzuleak.Kantuan, txistua jotzen eta txaloka jarri zituen Chantranek mussette estiloko kantu batekin. Musikari frantziarren sotiltasunaren ondoren, Xabier Etxanizek eta Ainara Saizarrek gaztetasunaren grina eraman zuten Kursaalera. Zumarragako Trikitixak omenaldia jaso zuen atzoko ekitaldian, eta bi trikitilari gazteek hura oroitzeko baliatu zuten piezetako bat.

Kataluniako trikitia

Kanpotik etorri ziren musikarien artean, Pomada bikote kataluniarra zen, beharbada, ezagunena. Euskal Herrian askotan izan dira Carles Belda soinu jotzailea eta Elena Casas pandero jotzailea, eta Euskal Herriari ere begiratzen diote musika egiteko orduan. Hala eta guztiz ere, atzo erakutsi bezala, Pomadaren musikan musika estilo askok egiten dute bat: popak, folkak, Mediterraneoko doinuek, rumbak, Herrialde Katalanetakoek... Eta bere hitzetan kritika sozial ugari dagoen arren, bikoteak bizipoza adierazten du zuzenean. Atzo, behintzat, entzuleek izugarri gozatu zuten taldearen eskaintzarekin.

Gau osoko eskemari jarraituz, eszenatokira igotzen ondorengoak euskal trikitilari gazteak izan ziren: Irma Karrera eta Amets Arteaga. Eta, beren paperean, beren belaunaldiaren aldarrikapena egin zuten arin-arin erritmora: «Gazte belaunaldia ari da lanean / trikitia entzun dadin etorkizunean», amaitu zuen kopla bat Amets Arteaga pandero jotzaile eta abeslariak. Gainerako euskal trikitilari guztiek bezala hor ez zen salbuespenik izan urduritasunik gabe eta plazan jotzea zer den jakinda aritu ziren bi musikariak. Asko dakite eta erakutsi, erakutsi zuten atzo.

Oso ondo dakite beren tresnak jotzen Totore Chessa eta Luigi Lai musikari sardiniarrek. Chessa soinu txikiaren birtuosoa da eta Laik, bere aldetik, launeddas izeneko haize tresna maisuki jotzen du. Launeddasa hiru kanaberako gaita antzeko bat da, dultzainaren antzekoa, eta Lai tresna bitxi hori jotzen hasi zenean zur eta lur utzi zituen entzuleak. Chessak, berriz, erakutsi zuen fandango doinuak Mediterraneoan ere ohikoak direla. Axier eta Oroitz Unsain anaiek ez zuten maila jaitsi eta eta saioko bigarren piezan bi euskal kantu oso ezagun uztartzera ere ausartu ziren: Bagare eta Eusko gudariak. Nola ez, jendea kantari. Arzallusek eta Colinak Euskal Herria eta Irlanda lotzen duten ezaugarrietako batzuk aipatu eta irlandarrei egozten zaizkien topiko batzuk hautsi ondoren, James Hogan soinu jotzaileak eta Denise Bracken piano jotzaileak piano elektrikoa ekarri zuen Donostiara Hoganek berak idatzitako hainbat pieza eskaini zituzten. Erakustaldi horiekin guztiekin entzuleek ederki gozatu bazuten, ekitaldiaren amaiera izan zen unerik hunkigarriena. Zumarragoko Trikitixako ordezkari Joxe, Inixio, Severen eta Migel Urteaga anaiek beren oinordekoek nola jotzen duten ikusi ahal izan zuten. Eta gozatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.