Zinema

Nazioarteko zinemaldi nagusiek sareko jaialdi batean parte hartuko dute

Donostiako Zinemaldiak eta nazioarteko gainerako jaialdirik esanguratsuenek bat egin dute We Are One: A Global Film Festival egitasmoarekin. Maiatzaren 29tik aurrera, haiek hautatutako programazioa ikusgai izango da Youtuben.

'We Are One: A Global Film Festival' izena jarri diote jaialdi digitalari.
2020ko apirilaren 27a
19:05
Entzun

Tribeca Enterprises etxeak eta Youtube plataformak elkarrekin iragarri dute gaur We Are One: A Global Film Festival egitasmoa. Hamar eguneko zinema jaialdi digitala izango da, eta maiatzaren 29an hasiko da, Youtuben. Jaialdiaren programazioan nazioarteko jaialdirik esanguratsuenek parte hartu dute, tartean Donostiako Zinemaldia, Berlingoa, Canneskoa eta Veneziakoa. Haiek hautatutako programazioa doan ikusi ahal izango da youtube.com/WeAreOne Interneteko helbidean.

Aupatutako zinema jaialdiez gain, egitasmoak beste hauek ere bildu ditu: Annecy, Guadalajara, Jerusalem, Karlovy Vary, Locarno, Londres, Macao, Marrakex, Mumbai, New York, Sarajevo, Sundance, Sydney, Tokio, Toronto eta Tribeca, besteak beste.

Donostiako Zinemaldiak ohar baten bidez eman du jaialdi digitalaren berri. «Zinema jaialdien funtsezko osagaietako bat artista eta sortzaileek pertsonak batu eta lotura esanguratsuak sortzeko ahalmena duten ustea da; bada, orain, munduak gehien behar duen uneetako batean egingo dute. We Are One: A Global Film Festival jaialdiari esker, publikoak ez du soilik mundu osoko kulturetara gerturatzeko aukera izango agertoki global berri baten bitartez, baizik eta tokian tokiko komunitateak lagundu ahal izango ditu, COVID-19ak kalte egindakoei asistentzia eskaintzen dieten erakundeen aldeko dohaintza zuzenen bitartez». Hain zuzen, COVID-19ari erantzuteko Osasunaren Mundu Erakundearen Funts Solidariora bideratuko dituzte jaialdiaren irabaziak.

Programazio osoa jaialdia hasi aurretik iragarriko dutela jakinarazi dute. Edonola ere, maiatzaren 29tik ekainaren 7ra bitarte, film luzeak, laburrak, dokumentalak, musika, elkarrizketak eta umorea ikusgai izango direla aurreratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.