Filma hautatzeko arrazoia.
Neil Youngen oso zalea naizelako aukeratu dut film hau. Ez dago beste arrazoirik. Jakin nuen film oso soila dela, azken birako haren kontzertu baten grabazioa, eta ikustea erabaki nuen.
Aurreikuspenak bete ditu?
Bai, bai. Ez dut aurretik pelikulari buruzko informazio asko jaso, eta ikusi dudana asko gustatu zait.
Nabarmentzeko zerbait.
Jonathan Demmek egin duen dokumental hau oso txikia da, oso bitarteko gutxirekin egina eta lagunartekoa ia-ia, eta batzuetan traketsa dela ere esan daiteke. Baina artifiziorik gabe egina dago, espanturik gabe. Horri esker, gertutasun handia transmititzen du, eta hori nabarmenduko nuke. Neil Youngen biziera, izaera eta filosofia oso gertutasun handiz jasotzen ditu. Pelikula ikusita, Neil Youngengandik oso gertu sentitzen zara azkenean. Ez naiz oso mitomanoa, baina Neil Young erreferente bat dela iruditzen zait, ez bakarrik musikari moduan, baita pertsona moduan ere.
Akatsik, topatzekotan...
Uste dut Neil Youngen zalea ez denari pelikula ez zaiola asko gustatuko. Lehen esan dudan moduan, igartzen da bitarteko gutxirekin egina dagoela eta dokumental gisa trakets samarra dela. Errealizazio aldetik, baldarra ere bai une batzuetan.
Gogoan gordetakosekuentzia.
Lehenengo kantua. Zuzenean jotzen duen lehenengo kantua ikaragarria da.
Nori gomendatuko zenioke.
Neil Youngen zaleei. Zale ez direnei ez nieke gomendatuko. Ez naiz oso fetixista, eta ez dut haren biografiarik irakurri. Ez dakit asko haren bizitzari buruz. Filmak ere ez du ematen datu asko, ez du biografian sakontzen, baina Neil Young eguneroko bizitzan erakusten du, bere inguruan, eta niri pelikulak balio izan dit haren bizitzara eta izaerara gerturatzeko.
Donostiako 59. Zinemaldia. Sei gomendio, sei iritzi. Hannot Mintegia. Musikaria
'Neil Young Journeys'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu