«Eufemismo bat erabiltzearren, ez hain ondo egon naizen denboraldi bat sortu da, barruan hainbat korapilo eta hainbat ezinegon jirabiraka nituela konturatu naiz, eta horri erantzuten diote liburuko poemek». Hitz horiekin aurkeztu du Martin Etxeberriak Zakurraren poema eta beste hezurrak poema liburu berria (Elkar), bere poeta ibilbideko hirugarrena; Katiluaren ipurdia eta Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin ditu aurrekoak, 1999an eta 2005ean argitaratuak, hurrenez hurren.
«Aurreko biekin alderatuz, poema liburu berrian aldaketa badagoela uste dut», adierazi du Etxeberriak (Zarautz, 1974). «Aldaketa handiena eta nabarmenena neure barruan gertatu da, baina poemetan ere bada aldaketarik, bai tonuaren aldetik eta bai estiloaren aldetik. Aurreko bi liburuetako poemak, neu inozoago nintzelako edo beste aldarte batean nengoelako, positiboagoak ziren; tonu naif bat zuten eta poesiagehiena nahiko narratiboa zen. Gustuko erregistroa nuen hori, nahiz eta bigarren liburuko poema batzuek neure baitan hasitako aldaketa erakusten zuten dagoeneko».
Liburu berrian, aldiz, heriotza «jirabiraka» dabil, aldez edo moldez, liburuko poema guztietan. «Heriotza, ez bakarrik iraungitze fisiko eta erabateko bukaera gisa ulertuta», ñabartu du poetak. «Bizitzen jarraitzeko, neure barruko gauza batzuk bukatu, itzali edo hil behar nituela sentitu nuen aspaldi, eta horixe sentitzen dut oraindik ere. Horri bueltaka eginda daude poema gehienak, eta estiloa ere, idazkera aldetik, ez da aurreko liburuetakoa bezain narratiboa, nahiz eta poema narratibo batzuk ere badauden». Liburuberriko estiloa «dentsoagoa» da. Erregistro horretan ere «gustuko ahots bat» topatu du.
Ezinegonari erantzunez
Zakurraren poema-rekin hasten da liburua, poema horrek biltzen duelako egilearen barruko sentimendua: «Ezinegon handi bat sentitzen nuen, eta nekatuta nengoen nekatuta egoteaz eta tristurari buelta eman beharraz». Poema horretako lerroetatik atereak dira poema liburuaren hiru atalen izenburuak: Gaizki ebakitako euli-bizarra, Tximeleta zatarrak eta Hitzen ametsaren zain.
Amaierako atalean, Hitzen ametsaren zain izenekoan, irteera bat bilatzen ahalegintzen da egilea. «Badago atal horretan hala ere-ko sentimendu moduko bat. Hau guztia honela da, eta gauza batzuek itzali egin behar dute, eta beste batzuk onartu egin behar dira.Horrekin geratu nahiko nuke, nahiz eta badakidan, neurri handi batean poema guztiak bezala, gezurra dela esaten dudan hori. Egunerokoa izan behar du hala ere-ko sentimendu horrek. Nahiko nuke horri buelta ematen hasi».
Osatu duen poema liburuarekin gustura geratu da Etxeberria. «Erregistro berriarekin gustura nago. Ez naiz erregistro baten bila joan. Aurrekoetanbezala, hemen ere neure aldetik dena jartzen saiatu naiz, eta uste dut irakurleak igarriko diola horri. Poemak oso pertsonalak dira eta, pertsonalak izaki, nork bere identifikatzeko puntuak aurki ditzakeela uste dut». Horretaz gain, poema liburu berria, aurrekoak bezala, ez dela inondik ere kriptikoa edo ulertzeko zaila uste du.
«Nekatuta nengoen nekatuta egoteaz eta tristurari buelta eman beharraz»
Heriotza du gai nagusi Martin Etxeberriaren 'Zakurraren poema eta beste hezurrak' poema liburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu