Neskak protagonista

Gaztetxoentzako zortzi libururekin hasi dute EreiNeskatilak saila, neskatxek rol nagusia betetzen duten ipuinen sorta

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2010eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Neskatilak protagonistaren rolean ageri diren zortzi istorio berri dituzte irakurgai 8 eta 10 urte bitarteko gaztetxoek. Zortzi aleko ipuin sortarekin eman dio hasiera Erein argitaletxeak EreiNeskatilak sailari. Askotariko egoera eta portaeretan jarri dituzte protagonistak liburuok ondu dituzten idazleek eta ilustratzaileek, emakumezkoak guztiak ere. Aurrera begira ale gehiago biltzeko zabalik dago saila.

Nerabezaroaren aurreko urteak bizi dituzte istorioetako protagonistek, emozio, beldur eta ziurtasun falta handiko garaiak. «Halako igarobide bat dago garai horietan; nolabait oraindik babesa behar dute haur horiek, baina aldi berean irrikan daude mundu zabalari aurre egiteko eta gauzak ezagutzeko», Iñaki Aldekoa editorearen hitzetan. Adin tarte bereko gaztetxoentzat dira liburuak, neska zein mutikoentzat.

Neskatilak protagonista diren bilduma egitearen atzean «zerbait berria» egiteko nahia aipatu du Aldekoak. «Askotan, proiektuen atzean ez da egoten arrazoi izugarririk. Besterik gabe, egileak emakumeak izanik, pentsatu genuen polita izan zitekeela bakoitzak bere bizitzako pasadizo edo emozioren bat kontatzea». Egile bakoitzari «beren munduko zerbait» kontatzeko lana eman zien Aldekoak, eta «desafioari oso ondo» erantzun diotela uste du.

Hala, askotariko gaiak landu dituzte egileek, eta «bizitzan adina bizipen eta portaera» agertzen dituzte ipuinek. Adin horretako gaztetxoen arazo eta buruhausteak islatu ditu Ana Urkizak, asteburua baserri batean igarotzen duen ikaskide taldearen istorioan. Genero identitatearen gaia landu du, berriz, Alaitz Olaizolak, «handitan» Mikaela izan nahi duen Mikelen bizipenetatik.

Beldurra hartu du ardatz Arrate Egañak, armairuko munstroaren irudia baliatuta. «Garapenanire testuetan askotan agertzen den kontzeptua da. Ipuineko neskak topatzen du parada aurrerapauso batzuk emateko, baina zaila egiten zaio, hain zaila, helduok krisialdi deitzen diogunari berak munstroa deitzen dio». Munstroak ez, liburuak ditu armairu barruan Leire Bilbaok irudikatutako neskak. Armairuan irakurriz egiten dituen barne bidaien bidez, haren barne mundua islatuko du, mudantzako langileak haren txoko kuttuna eramateko iritsiko diren arte. Oso bestelako arazo bati aurre egin beharko dio Yolanda Arrietaren ipuineko neskak, eta Egañak bezala, garapenaren ideiari lotuta ondu du lana. Etxera iritsi eta inor ez dela ikusita, berarekin ahaztu direla pentsatuko du, eta hirian zehar bakarrik ibiltzea erabakiko du. Etxera itzulita konturatuko da esperientzia ongi etorri zaiola, pixkanaka bere kabuz ibiltzen ikasi beharko duelako. Dagoeneko neska txikia ez dela frogatu nahiko du Aitziber Etxeberriaren neskatilak ere.

Errealitatea oinarri

Sei biloba ditu Enkarni Genuak, eta haietatik bakarra da neska. Haren mundua eta bizipenak ezagutzen ditu, eta haiek izan ditu oinarri ipuina idazteko. «Askotan abenturak bizitzeko ez dugu fantasiaren munduan sartu behar; fantasiazko abentura asko ekartzen dizkigu bizitzak». Emakumeen arteko transmisioa ageri da Aizpea Goenagaren lanean. Txikitan amonari aho zabalik entzuten zizkion istorioak nahasiz idatzi du ipuineko maitasun istorioa.

Sortzaileak elkartzeko egindako saioagatik esker ona agertu du Goenagak. «Oso interesgarria eta emankorra izan daiteke, eta, gainera, behartu gaitu emakumeak leku batean jartzera eta ahalegin bat egitera haurrek emakumeek eginiko literatura eta ilustrazioak jaso ditzaten». Halaber, ilustratzaileen lana nabarmendu dute idazleek. «Ez dute besterik gabe liburua apaintzen, gauza asko kontatzen dituzte; bilduma begietatik sartuko zaie umeei».



Liburuak

'Bidegorriko festa'. Ana Urkiza eta Aitziber Alonso.

'Gabe gabe'. Arrate Egaña eta Marimar Agirre.

'Armairu barruan ipuinak irakurtzen zituen neska'. Leire Bilbao eta Estibalitz Jalon.

'Nitaz ahaztu dira'. Yolanda Arrieta eta Eider Eibar.

'Ramoni Ramoni'. Aizpea Goenaga eta Ihintza Larrañaga.

'Mahatsak eta neskatilak ondu zireneko uda'. Enkarni Genua eta Karmele Cruz.

'Lapurrak dabiltza azokan'. Aitziber Etxeberria eta Concetta Probanza.

'Mikel eta Mikaela'. Alaitz Olaizola eta Idoia Beratarbide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.