Nestor Basterretxearen bizitza osoko obraren ikuspegi zabal bat ematen du Lehen oroimenaren pisua erakusketak, gaurtik aurrera, Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko erakusketa aretoan, horretarako oinarri nagusitzat etxean gordeak zituen obrak dituela, Hondarribiko (Gipuzkoa) Jaizubia auzoko Idurmendieta baserritik zuzenean eramanak. Nestor Basterretxearen obraren ikuspegi “intimoa” ematen du erakusketak, komisarioak, Xabier Saenz de Gorbea irakasleak, adierazi duenez. Erakusketa 150 inguru lanek osatzen dute, eta horietako asko aurretik inon erakutsi gabeak dira.
Iragan uztailean hil arte etenik gabe egin zuen lan Basterretxeak, eta ondorioz haren lanen artxiboa ikaragarri oparoa da, Saenz de Gorbeka azaldu duenez. Koldo Mitxelena kulturuneko erakusketarako irizpideen planteamenduan Basterretxearen adostasuna izan zuen Saenz de Gorbeak, artista artean bizirik zela. Baina obrak hautatzeko lana “zaila eta konplexua” izan da, batez ere interes handiko obra geratu direlako, erremediorik gabe, kanpoan. Basterretxearen obren katalogazioaz Katrin Alberdi zaharberritzailea ari da arduratzen azken urteetan, eta gaur egun 700 obratik gora daude katalogatuta.
36ko gerrak artistarengan utzitako arrastoa da erakusketak nabarmendu duen gaietako bat, gerraren eta haren ondorioen eragina agerikoa baita haren lan askotan. Baina gai askotakoak dira hala ere erakusketan bildutako lanak. “Gai asko landu zituen Basterretxeak, eta denak ezagutzatik eta sentsibilitatetik”, Saenz de Gorbearen ustez.
Erakusketaren sarreran Juan Pablo Zabalaren ikus-entzunezko batekin egingo du topo bisitariak. Bi ataletan dago banatua. Lehenengoan, Basterretxearen bizitza osoari gainbegiratua ematen zaio, argazkien bidez; bigarrengoan, azken urtean egin zuen lanaren berri ematen da.
Orotara 13 atal ditu erakusketak, eta horien artean bereziki aipagarria da Basterretxeak 1950ean Argentinan zela egindako Gurutze-bidea, hura osatzen duten 14 margolanak lehen aldiz ikusi ahal izango baitira Euskal Herrian.
Arantzazuko lanak, Euskal kosmogonia sailekoak eta beste lan ezagun ugariz gain, erakusketak Basterretxearen Operación H eta Ama Lur filmak –azken hori Fernando Larrukertekin lankidetzan zuzendua– ikusteko aukera ere ematen du. Margolanak eta eskulturak ez ezik, argazki esperimentalak eta zeramikazko lanak ere badira erakusketan. Teknika guztiak lantzeko jakin-mina eta gaitasuna zuen artista nekaezina izan baitzen Basterretxea, Saenz de Gorbeak dioenez.
Erakusketa gaur arratsean inauguratu dute ofizialki, Basterretxearen alarguna eta seme-alabak bertan direla, Xaber Saenz de Gorbea eta Ikerne Badiola Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kiroletako diputatuarekin batera. 2015eko otsailaren 14a arte izango da zabalik erakusketa, ohiko ordutegian: asteartetik ostiralera, 16:00-20:00; larunbatetan, 11:00-14:00 eta 16:00-20:00.