New Christs, Johnny Powers eta Chris Casello, Andoaingo jaialdian

IV. Rock Jaialdiak Sue Moreno, Davila 666 eta Xabi eta Pettiren kontzertuak ere eskainiko ditu bihar

Jon Eskisabel.
Donostia
2011ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Andoaingo Nafarroa plazak laugarren Rock Jaialdia hartuko du bihar, arratsaldeko seietatik goizaldera arte. Bloody Mary disko dendak udalaren laguntzarekin antolatutako ekitaldiak doaneko zazpi kontzertu eskainiko ditu, horien artean New Christs Australiako taldearena eta Johnny Power rock-and-roll abeslariarena.

Xabik (SeƱor No taldeko abeslaria) eta Pettik osaturiko bikoteak irekiko du jaialdia bertsioez (Ray Charles, Beatles, Jimi Hendrix, Rory Gallagher...) apailaturiko emanaldi akustiko batekin. Davila 666 taldeak hartuko dio txanda 18:50ean. Puerto Ricotik datorren punk-garage talde horrek kantu zuzenak, melodia itsaskorrak eta soinu zikina lantzen ditu.

Haren ondoren, Chris Casello gitarristaren hirukotea igoko da taulara lehen aldiz, blues, swing, country eta rock-and-roll saio bat eskaintzeko. Caselloren kontzertua 20:00etan hasiko da, eta hura amaitzean hiru ordu laurdenekoatsedenaldia egingo du jaialdiak.

Casellok eta bere taldeak lagunduko diote hurrengo artistari, Sue Moreno herbeheretarrari. Biak, Moreno eta Casello, The Original Elvis Tribute izeneko diskoan lanean ari dira Nashvillen, eta lan horretako ale batzuk aurkeztuko dituzte Andoainen.

Johnny Powersek ere Chris Casello Trio izango du laguntzaile, 23:00etatik aurrera. 50eko hamarkadan Sun Records zigiluan hasitako ibilbide luzea egin du Powersek, eta berau da Motown diskoetxearentzat grabatu zuen lehen artista zuria. New Christs taldeak, Rob Younger abeslari sutsua buru duela, itxiko du zazpi ordutik gorako musika ekitaldia, gitarra doinu indartsuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.