Hainbat talde bilduko ditu egun hauetan Gasteizko Jazzaldiak, baina, kontzertu handiez gain, izango da aukera kalean ere jazza entzuteko. Horren ardura izango du New Orleanseko TBC Brass Band taldeak; egunero, eguerdiko ordubatean Andre Mari Zuriaren plazan hasi eta Foru Plazan zein Dato kalean joko du talde estatubatuarrak.
Arratsaldez ere haien musika entzuteko aukera izango da, zazpi eta erdietan, Andre Mari Zuriaren plazan. Atzo eguerdian jende ugari bildu zen haien musika entzutera.
Larunbatera bitartean, hainbat kontzertu egongo dira Principal antzokian eta Mendizorrotza kiroldegian. Atzo iluntzean, Javier Colina & Kirk Lightseyren kontzertua izan zen Principal antzokian, 18:00etatik aurrera. Mendizorrotzan, berriz, Los Angeles Crenshay gospel choir taldearen emanaldia izan zen, 20:30ean hasita.
Gaur, Craig Taborn eta Ibrahim Maalouf eta Bill Frisell Big Sur Sexteten txanda izango da. Ben Willian Sound Effect eta Jacky Terrasson eta Melody Gardotek ostegunean joko dute. Ostiralean, berriz, P. Schumacher, Francesco Tristano, B. Khalife Trio, Tom Harrel Quintet eta Branford Marsalis Quartet ikusi ahal izango dituzte Jazzaldira biltzen direnek. Azken egunean, larunbatean, Antonio Sanchez Quartet, Chick Corea & The Vigil eta Paco de Luciaren txanda izango da.