Nick Ashford hil da, hainbat soul kantu utzita

Motown zigiluarentzat abesti ezagun ugari sortu zituen, tartean 'Ain't No Mountain High Enough'

Agentziak
New York
2011ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
60ko hamarkadaren hasieratik, Harlemgo eliza batean elkar ezagutu zutenetik, batera egin zuten ibilbide musikala Nick Ashford eta Valerie Simpson senar-emazteek. Astelehenean hautsi zen bikotea, Ashforden heriotzarekin: eztarriko minbiziaz hil zen konpositorea, New Yorkeko ospitale batean, 70 urte zituela. Ashfordek eta Simpsonek kantari gisa ere jardun zuten, baina Motown diskoetxean besteentzat sortutako kantuekin erdietsi zuten arrakastarik handiena. 1959an Detroiten sortu zen musika beltzean espezializatutako ekoizpen etxea zen, eta 1966an hasi zen bertan lanean bikotea. Hori baino lehen, besteak beste, Aretha Franklinen Cry Like a Baby eta Ray Charlesen Let's Go Get Stoned eta I Don't Need No Doctor idatzi zituzten. Hain zuzen, Charlesentzat egindako lanak eragin zuen Berry Gordy Motowneko zuzendariak haien lanean interesa jartzea.

Besteen ahotsean ezagun

Behin diskoetxean, Ain't No Mountain High Enough famatuaz gain, Reach Out and Touch (Somebody's Hand), Nothing Like the Real Thing eta I'm Every Woman abestiak sortu zituzten, beste askoren artean. Lanok eta beste hainbat Diana Ross, Marvin Gaye, Stevie Wonder, The Supremes eta Chaka Khanek egin dituzte ezagun, besteak beste. Bikotearen interprete ibilbideari dagokionez, 1984ko Solid da euren kanturik ezagunena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.