Niniak eta adopzioak, BOSen

Jarduera didaktikoen barnean, hainbat kontzertu eta musikarien eta eskolen arteko lankidetza saioak antolatu ditu orkestrakZero eta hiru urte bitarteko haurtxoentzako kontzertu bat izango da apirilaren 27an

Gorka Martinez BBK fundazioko zuzendaria, Ana Hernandez BOSeko jarduera didaktikoen arduraduna eta Ibon Aranbarri BOSeko zuzendari nagusia, atzo, Bilbon. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Musika klasikoa «publiko guztietara» zabaltzeko xedez jarduten du Bilboko Orkestra Sinfonikoak urte osoan, baina jarduera didaktikoen egitaraua ontzean, «areago» hartzen ditu kontuan «adin eta kezka askotariko jendeak». Hainbeste, ezen zero eta hiru urte arteko umeentzako kontzertu bat antolatu du. Paulo Lameiro portugaldarraren banda izango da Bilbon, apirilaren 27an. Saxofoiak, klarineteak eta berimbauak joko ditu. Baita cavaquiñhoak eta lurreko beste tresna batzuk ere. Hasierako izu aurpegiek, ondorengo irriek eta txupeteek osatuko dute emanaldia.

BOSeko zuzendari tekniko Borja Pujolek azaldu du Lameirok 1998tik daramala ume txikientzako kontzertuak egiten. Frantzian, Suedian eta hainbat herritan izan dela, eta esaten duela, aurreneko hiru minutuetan baino ez dutela negar edo protesta egiten niniek. Gero, isildu egiten direla. Eta lasaitasun egoera horretan mantentzen direla saioak irauten duen bitartean. «Musikaren estimuluak jasotzen dituzte, hurkoen besoetan, musikariengandik gertu daudela», azaldu du Pujolek. Lameiroren taldearen inguruan biribilean eseriko baitira denak, agertokian bertan.

Jarduera didaktikoen «eskaintza zabala» egingo du aurten BOSek. Ibon Aranbarri zuzendari nagusiak eman ditu zenbakiak: 22 kontzertu, sei solasaldi, orkestraren jarduna bertatik bertara ezagutzeko hiru bisita egun eta haurrentzako bost mintegi izango dira abendura bitartean.

«Musikari bat adopzioan hartzeko aukera ere eskainiko du orkestrak», nabarmendu du Aranbarrik. Ana Hernandezek koordinatuko du Euskal Herrian estreinakoz egingo duten ekimen hori, Adoptatu musikari bat. Ingalaterrako Orkestrak jarri zuen abian aurrenekoz. Eta, Hernandezek dioenez, «emaitza onak» eman ditu. Hala, BOSeko lau musikari adoptatuko dituzte Bilboko beste horrenbeste eskolek. Zehatz-mehatz, biola jotzaile bat, harpa jotzaile bat, tuba jotzaile bat eta perkusio jotzaile bat joango dira eskoletara, gaztetxoekin eskuz esku lan egiteko intentzioarekin.

Stravinski eta Beethoven

Stravinskiren Udaberriaren kontsagrazioa landuko dute elkarrekin. Musikariaren laguntzarekin, konpositoreak obra horretan landutako intentsitate erritmiko eta bestelako ezaugarri teknikoei erreparatuko diete gaztetxoek, ondoren lan horren berrinterpretazio bat atontzeko helburuz. BOSeko entsegu nagusi bat bertatik bertara ikusteko aukera izango dute, orkestraren bitartez, obra horrek zein dimentsio hartzen duen jabetu daitezen. Eta haiek ere izango dute parada ikasitako guztia jendaurrean erakusteko: Bilboko BBK aretoan kontzertu bat egingo dute lau eskoletako ikasleek, maiatzaren 28an.

Umeentzat izango dira, halaber, Kontzertu didaktikoak eta Kontzertuak familian goiburupean antolatutako saioak. Lehenak astegunez izango dira, eskolentzat. Besteak, asteburuz, goizez zein arratsaldez. Emanaldi horietan, Juanito Arriagaren bidaiak emango du BOSek, Arriagaren musikarekin eta Fernando Palaciosen testuarekin. Eta Ana Hernandez izango da narratzailea.

Ehunzango baten ipuinak ere taularatuko dute. Antzerkia eta musika uztartzen dituen obra da, eta akordeoi, tronboi, marinba eta bateriaren musikaren doinupean ariko dira Belen Otxotorena eta Inma Gurrea aktoreak. Orobat, Beethovenen Bosgarren Sinfonia eskainiko du BOSek, Diego Martin zuzendari dela. Tarteka, off-eko ahots bat entzungo da, Beethovenenen aipuak emanez, obra eta testuingurua azalduz.

Arte Eder museoarekin elkarlanean, helduak musika klasikoaren munduan barruratzeko mintegiak egingo ditu BOSek, urriaren 27an eta abenduaren 15ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.