BERTSOLARITZA GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA. JON MARTIN TXAPELDUNORDEA

«Nire emozioa sentitu du entzuleak»

mikel lizarralde
DONOSTIA
2003ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Finalaurrekoetara iristeko helburuarekin ekin zion txapelketari Jon Martinek. Ondorioz, igandeko bigarren postuarekin, «hodeitik jaitsi gabe» zegoen atzo.

Zer moduzko biharamuna?

Ez dut astirik izan jabetzeko. Kartzelako gaiak esaten zuen bezala, agian bizitza aldatuko didan eguna izan zen igandekoa.

Ezusteko handia izan zen?

Bai, finalaurrekoetan sartzea zen nire helburua, eta Tolosan maila emanda eta finalera iritsita, postua zen gutxienekoa. Garrantzitsuena gure bertsokera eta gazteak gogoz datozela erakustea zen. Asmo horrekin joan nintzen, baina gero ondo sentitu nintzen. Lehenengo parte horretan oso gustura aritu nintzen. Gero, buruz burukora pasatzean, ahantzi ere egin zitzaidan gaia.

Zer moduzko saioa izan zen?

Nik uste dut entzuleentzat oso polita izan zela. Akaso, gai serioetan ez genuen gailurrik jo, baina jendeak oso ondo pasatu zuen. Beharbada, buruz burukoari lehiaren emozioa falta izan zitzaion. Ni nengoela, garbi zegoen Lujanbiok irabaziko zuela. Trukean, entzuleak sentitu zuen bertsolariaren emozioa. Ni emozionatua nengoen eta entzuleak hori jaso zuen.

Belaunaldi aldaketa baten seinale da bigarren postu hori?

Belaunaldi errelebo bat baino gehiago, belaunaldi berri baten agerpena dela esango nuke; finalean sartu garenon eta ez direnen belaunaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.