Gaztetan konposatzen aritua da Christian Zacharias (Jamshedpur, Alemania, 1950), baina bere baitan ezer originalik aurkitu ez eta besteen obrak interpretatzen dabil geroztik. Bi emanaldi egin ditu Hamabostaldian, denboraldiko azken jaialdian, eta «gauza arruntak» egiteko gogoa du etxera itzultzean, «lorategian egon eta afaria prestatu», adibide baterako.
Ibilbide zabala eta oparoa egin duzu. Esan al daiteke inoiz baino hobeto zabiltzala orain?
Orain errazagoa da, askoz errazagoa. Egia da lan eta lan besterik ez dudala egiten, baina bai, akaso esan daiteke ibilbideko unerik gozoenean naizela. Erlaxatuago nago, lortu dudana lortu dudalako, eta esperientziak ematen duen patxadagatik. Urrun gelditu dira garai bateko tentsioak. Hori bai, hobetzen segitzen dut etengabe, zeren eta une batez hobetzeari uzten badiozu, orduan etxera joateko moduan zauden seinale. Lanbide honetan, arrakasta lortu baduzu ere, ezinbestekoa da beti gorago begiratzea.
Herenegun Bambergeko Orkestra Sinfonikoarekin Kursaalean emandako kontzertuan, Brahmsen obrak jo zenituen, Hamabostaldian lehendabiziko aldiz. Zer iruditzen zaizu Brahms?
Zahartu ahala gehiago ulertzen dituzun pieza mota horietakoak dira Brahmsenak. Ilun tankerakoak, sakonak, eta konposizio aldetik oso konplexuak. Beraz, ez dira lehen entzunaldian sartzen diren doinuak; denbora pixka bat eskatzen dute.
Atzo, ostera, Viktoria Eugenian aritu zinen, bakarrik aurrena, eta Arriaga laukotearekin segidan. Harreman berezia duzu areto horrekin, ez da hala?
Bai. Toki hartan jo nuen Hamabostaldian lehendabizikoz, 1991n. Oso polita da ostera ere, urte askoren buruan, lehen kontaktua egin zenuen leku berean jotzea. Gainera, aretoa ezin aproposago moldatu zen gure egitaraura; ganbera-musika eta solo formatura, alegia. Esperientzia hunkigarria izan zen, zinez. Akustika aldetik ere paregabea da, zaharkitu itxurakoa, Kursaalarekin alderatuta zeharo desberdina. Kursaalekoa formatu handietarako da: orkestra handienek ateratzen diote zukurik gehien. Aldiz, bestea etxekoagoa, gozoagoa da, eta hunkigarriagoa.
Beethovenen bi sonata hautatu zenituen aurrena,eta Schuberten Pianorako boskotea La maiorren segidan, Amuarraina deiturikoa. Ongi egokitzen al dira bi lanak?
Ez dut gogorik musikalitaterik egiteko; nik jaialdiaren osotasunari jarri nahi diot arreta aurten. Nire pianista zereginaren erretratu osoa erakusteko aukera eman didate. Herenegun orkestrari lagunduz jo nuen, eta atzo beste bi modutara: piano soloan lehenbizi, eta ganbera formatuan gero. Aukera hori eman didatenez gero, neronek aukeratu ditut nire alderdi guztiek elkarrekin bat egiten duten piezak. Oso gutxitan izaten dut erretratu oso hori erakusteko aukera, lanketa asko eskatzen duelako batetik, eta jaialdien antolatzaileek interes berezia erakutsi behar izaten dutelako bestetik. Alderdi bakarra gelditu zait erakusteke aurten: zuzendariarena. Dezente aritzen naiz horretan: musikari eskaintzen diodan denboraren erdia zuzentzen pasatzen dut, eta akaso, hurrena etortzen naizenean izango dut horretarako aukera.
Donostiako 73. Musika Hamabostaldia. Christian Zacharias. Pianista
«Nire pianista erretratu osoa erakutsi dut Donostian»
Bizitza pianoa jotzera begira antolatzen du Christian Zachariasek. Bi kontzertu eman ditu Donostian, Bambergeko Orkestra Sinfonikoaren eta Arriaga laukotearen laguntzaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu