Pisuzko izena da Noam Chomskyrena (Filadelfia, AEB, 1928). Filosofo, hizkuntzalari eta aktibista, pentsalari garaikide garrantzitsuenetariko bat da, eta ekainaren 29an Lekornen (Lapurdi) izango da hizlari, EHZ festibalean. Antolatzaileek gaur goizean aurreratu dutenez, ekainaren 14an izango da Botere sistemak, populu autoktonoak eta anarkismoa hitzaldia eskaintzen. Zuzenean arituko da hizketan Chomsky, baina ez da jaialdian izango. Internet bidez eskainiko du telekonferentzia. Musika egitaraua aurrerago aurkeztuko dute, baina jadanik zabaldu dute sarrerak lortzeko aukera. Hemen eros daitezke txartelak.
Ekainaren 27tik 29ra egingo dute jaialdia. Musika izan ohi da jaialdiaren bizkarrezur nagusia, baina aurten apirilera arte parte hartuko duten musikarien izenik ez aurreratzea erabaki dute antolatzaileek. Hitzaldi sortaren berri eman dute lehenik. Ez dute nahi musika egitarauak itzal egin diezaion, eta horregatik aukeratu dute lehen-lehenik eztabaida gunearen programazioa ematea. Merezi duen garrantzia aitortzeko. Gainera, aurten leku “zentrala” izango du gogoetarako guneak jaialdian. Aurreratu dutenez, munduko populu zapalduen adierazpen gune bilakatu nahi dute aurten jaialdia, eta horregatik prestatu dute hitzaldi zikloa. Garroa gazteluan egingo dira saio guztiak.
Kurdistan eta Azawad
Kurdistan, Azawad, Katalunia, Quebec, Andaluzia, Eskozia eta Kabiliako egoerak barrutik ezagutu ahal izatea da antolatzaileen asmoa. Aldarri modura azaldu dute beren xedea: “Sistema homogeneizatzailearen parean, aniztasuna aldarrikatzen dugu, bakoitzaren burujabetza oinarri, populu zapalduen arteko elkartasuna sustatuz”. Horregatik, pentsalari iparramerikarraz gain, Adel Bakawan ikerlari eta soziologo kurdua eta Moussa Ag Assarid azawad idazlea ere gonbidatu dituzte hizlari aritzera. Kataluniako Candidatura d'Unitat Popular eta Andaluziako SAT sindikatua ere izango dira mintzaldietan.
Dokumentalak, eztabaidak, kontzertu akustikoak eta mahai inguruak ere egingo dituzte gazteluan. Jon Sarasuak ere hartuko du parte, adibidez, eta Joxemi Zumalabe elkarteak tailerrak eskainiko ditu zapalkuntza egoerei buruz gogoeta egiteko. Lehen eguna haurren eguna izango dela ere aurreratu dute. Eta, bestetik, gaurtik aurrera zabalik izango da jaialdiaren harira antolatutako musika lehiaketan sailkatu diren hogei taldeak bozkatzeko. Sostengu handiena jasotzen duen taldeak zuzenean joko du Lekornen.