A Serbian Film lanak piztu zuen polemika iaz Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astean. Edo, hobeto esanda, filmak berak baino gehiago, Donostiako epaitegi batek emanaldia badaezpada ere bertan behera utzi izanak, sexu askatasunaren aurkako delitua egiten duen argitu arte. Jaialdiak filma ez ematea erabaki zuen, baina publikoaren saria jaso zuen, hala ere. Polemika hartatik abiatuta, «beroan egindako eztabaida hura modu pausatuagoan» egin nahi du orain jaialdiak, Josemi Beltran Donostiako Kulturako zinema arduradunaren hitzetan. Garaian garaiko gizarteak «amoral, deseroso edo korrontearen kontrakotzat» jotako lanen inguruan eztabaida pizteko asmoz, Zatoz eta Begira zikloa antolatu dute Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko XXII. Zinema Astean.
Gaspar Noe zinemagile argentinarraren begia agertzen da zikloa aurkezteko Pedro Usabiagak diseinatutako kartelean. NoerenIrréversible filma (2002), Stanley Kubricken A Clockwork Orange (1971), Ruggero Deodatoren Cannibal Holocaust (1980) eta A Serbian film bera, besteak beste, fantasia eta beldurrezko zinemaren historiako izen polemikoen artean daude; «gai jasanezinak lantzeagatik bere garaian gizartearentzat kaltegarritzat hartutakoak», Beltranen esanetan. Genero hori maiz hurbildu da eremu «arriskutsu» horietara, garaian garaiko tabuetara. «Ba al da mugarik kultur sorkuntzan? Zilegi ote da fikziozko obra bat debekatzea? Eztabaida hori sortu nahi dugu». Aipatutako pelikulen modukoak emango dituzte zikloan, eta Ruben Lardinek koordinatuta, liburu bat ere argitaratuko dute gogoeta osatzeko.
Bukatzeko, zonbi disidenteak
Urriaren 29tik azaroaren 4ra egingo dute jaialdia, eta egitaraua osatuko duten filmak hautatzeko lanetan dabiltza oraindik antolatzaileak. 560 film laburren artetik 25 eta ia 200 film luzeren artetik beste 25 inguru hautatuko dituzte sail ofizialerako. Egitarau osoa urrian aurkeztuko dute, baina zortzi lan aurreratu zituzten atzo, Donostian eginiko agerraldian.
Juan de los muertos filmak itxiko du jaialdia. Alejandro Brugues argentinarrak zuzendu du lan hori, eta Kuba eta Espainiaren arteko ekoizpen bat da. Habanan zehar dabiltzan zonbiak dira protagonista, eta umorea da nagusi «komedia ia politiko» horretan. «Kubako egoera soziala agertzen du, eta, pentsa, zonbiei disidente esaten diete. Zonbien azpigeneroko ikuspegi ezberdin eta original bat da», Beltranek azaldu zuenez.
Jason Eisener kanadarraren Hobo With a Shotgun da beste izenetako bat, 1970eko eta 1980ko urteetako beldurrezko zinema omentzen duena. Rutger Hauer du protagonista, eta Beltranek dio tonu komikoa badu ere jaialdia itxiko duen lana baino zertxobait «basatiagoa» dela. Matt Farnsworth estatubatuarrak, berriz, psikopata maskaradunaren istorio klasikoari beste koska bat estutuko dio The Orphan Killer filmarekin. Eta Dick Maas nederlandarrak San Nikolas Gabonetako pertsonaia gaizto bat erakutsiko du Saint/Sint-en.
Noburu Iguchi zuzendari japoniarraren bi film luze ere aukeratu dituzte, elkarren artean zerikusi gutxi dutenak: «Erabat beldurgarria» da Tomie Unlimited, eta «oso dibertigarria», aldiz, Karate-Robo Zaborgar. Tonu klasikoa eta herrixka bateko erritual paganoak ageri ditu David Keating zuzendariaren Wake Wood. Mundu modernoan nagusi den zibilizazioaren kontzeptua agerian jarriko du «emakume basati» batek, Lucky McKee zuzendari estatubatuarraren The Woman pelikulako protagonistak. «Indarkeria maskulinoari ere jorraldi on bat ematen dio», Beltranen ustez.
Urtero bezala, Antzoki Zaharra izango da gune nagusia, baina Viktoria Eugenia antzokian ere izango da emanaldirik, Zatoz eta Begira ziklokoak bereziki. Halaber, kaleko animazioaz gain, jarduera osagarriak egingo dituzte. Zinema heroiak. Fantasiazko bildumak erakusketa jarriko dute Udal Liburutegian; Steve Schofield eskoziarraren Land of the Free argazki bilduma Fnacen; eta Malakias: Plastilina odoltsua eta beldurgarria Okendo kultur etxean. VIII. Komiki Jardunaldien barruan, berriz, Vicente B. Ballestarren akuarelak ikusgai izango dira Pulp Visions erakusketan, eta Arantza Sestayo zein Rober Garairen marrazkiak VII. Euskadi Fantastikoa bilduman.
Sarrerei dagokienez, iazko prezioak mantendu dituzte: 70 eurokoa abonamendu osorako eta 6 eurokoa sarrera bakoitzeko. Abonamenduak urriaren 21ean jarriko dituzte salgai Antzoki Zaharrean, eta sarrerak urriaren 24an, txarteldegietan zein Interneten.
Noiz da film bat amorala?
Deserosotzat hartu izan diren lanen inguruko eztabaida piztu nahi du Fantasia eta Beldurrezko Zinema Asteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu