Mila eta laurogeita bost orriko liburua. Letra txikia. Testua adreiluaren forman, edizioarengatik ez dadin horren luzapena ez irakurtzeraino luzatu eta ez daitezen ideiak bata bestetik gehiegi aldendu. Hiruk argitaratu zuen gaztelaniazko edizioan eta argitaletxearen balioak berekin zeramatzan: erresistentziatik dominaziora idatzia dago, ergeltze ideologikoaren aurkako saiakera nobelatua da, eta ezinbestekoa da idatziz beste mundu hau nahikoa ez eta bestelako bat sortu nahi duenarentzat.
Peter Weiss idazle alemanarriak 1975 eta 1981 artean idatzitako nobela-saiakera bat da Erresistentziaren estetika (Hiruk 1999an argitaratu zuen). Posizionamendu politiko eta, zentzu berean, estetiko batetik abiatzen da Weiss liburu honetan, eta bera izan den horretatik (bere alter ego-a da protagonista), bere balio eta ideologiatik, iraultza itxaropen duen Europako historiari buruzko obra izugarri bat da.
Zentzua eman
Erresistentziaren estetika arte orok begia egiteko eta begirada zuzentzeko duen indarraren apologia da. Arteak zentzua ematen die historiako gertakizunei narrazioan jartzen dituenean, errealitatea («egia historikoa») sortuz. Idazketak, azken finean, historia baldintzatzen duela, hala uste du Weissek, eta kontzeptu horretatik abiatuta eta errealismo sozialista orotatik aldenduta, literatura politikoaren defentsa da.
Nola kontatu behar da historia orain, zer baliabide ditu idazleak horretarako? Weiss kontamolde berrien bila ibili zen, baina ez esperimentazio hutsez, zentzu politikoz baizik. Errealitateari lotutako narratiba bat nahi zuen, eta hori literatur efektuak azkeneraino murriztuta besterik ez zuela lortuko uste zuen. Liburuaren une batean, Weiss bera ordezkatzen duen pertsonaiak dio: «Bizi gareneko errealitate politikoaren zantzuren bat harrapatuko bagenu, nolaidatziko litzateke material xehetu eta ahul hori, jarraipena izango lukeen irudi batekin?» Eta hori da Erresistentziaren estetika ardazten duen galdera: nola egin zapalduen arte bat? Nola egin iraultzaren esperientziaren narratiba, burgesiaren baliabideak erabili gabe? Hori da Weissek galdetzen duena, eta bere antzerki lanetan legez, elementu sozialak, pertsonaren hunkidurari lotuz, narratzen saiatzen da. Hori izango baita haren proposamena: pertsona testuinguru politikoan txertatzea.
Artearen helburuak
Inork ez daki noiz hasi zen artea. Baina zer helburu eman zitzaion, zer funtzio behar zuen ba al daki inork? Zertarako behar zuen pertsonak edertasuna? Eguneroko bizitzan betebehar mistikoren bat betetzen ote zuen (sinesmenen makulu)? Pinturak edo eskulturak kultura bakoitzean funtzio definitu bat izan du. Weissentzat, artearen funtzio horrek historiaren azterketa eta errekonozimendurako balio behar zuen; pentsamendua berrantolatzeko, emozionalki eta estetikoki iraganarekin eta orainarekin batzeko. Horregatik, berarentzat, obraren pertzepzioak ezin zuen neutrala izan. Weissentzat artea klase borrokaren garapena zen, garaiaren lekuko zen heinean eta, ezinbestean, testuinguru historiko horretako kontraesan politiko eta sozialen adierazle zen heinean.
Erresistentziaren estetika osatzen duten hiru liburukietako lehenean, arte ezberdinen garapenaren berri ematen du, greziar garaietatik hasi, gotiko, klasizista, erromantiko eta errusiarrekin jarraitu eta inpresionistekin amaitzeko. Irakurketa sozio-historikoak ez du obrekiko lilura estaltzen liburuan, baina: begiratu egiten du, ikusi egin nahi du, baina kokatu ere egiten du, nondik sortzen den obra, zer baldintzatan, zer helbururekin, nork aginduta. Arte obrek sor tzen diguten liluraren aurka al doa hori? Weissek ezetz uste du. Emozioa, hunkidura ez dago espresioan bakarrik. Arteak formaz haratago duen esanahiaz dihardu batez ere lehen zatian: modu berean begiratzen al diote burgesek eta proletarioek obra berari? Edo, galdera gaurko egunetara ekarrita: modu berean irakurtzen al dute aurrerakoi eta kontserbadoreek liburua? Modu berean hunkitzen al ditu obra berak zapaltzailea eta zapaldua? Eta ez bada horrela, zergatik da?
'Gernika'-ren adibidea
Pablo Picassoren Gernika artelanak biltzen zituen Weissentzat arteak izan beharko lituzkeen balioak. Gernika-k, haren ustetan, minaren sentimendua areagotu egiten zuen eta horrek bizkortu egiten zuen jakin-mina, irrika, gehiago eta zehatzago ezagutzeko gogoa. Funtzio pedadogiko eta moralak ere aitortzen zaizkio artelanari, botere erabatekoaren ondorioak salatzen dituelako eta bizitzaren eta heriotzaren antagonismoa erakusten duelako. Euskal Herrian zenbait elkartek bere egin duelako ezagutzen den argiontzia ere, kontzientziaren eta ezagutzaren sinbolo da Weissentzat, oihalean, itsasargi gisara, ikuslea ohartarazten duena. Weissek, finean, informazio historikoa eta pentsamenduaren egituraketa ezagutzarako ezinbesteko tresna gisa hartzen zituen. Horri gehitu esperientzia praktikoaren eta emozioen arteko lotura, Picassoren lanean bikainki uztartzen dena: horixe izango zen ezarritako botere guztien aurka praktikan jarri behar zen erresistentziaren estetikaren giltzarria.
Erresistentziaren estetika-ko protagonistek ez dute Gernika agitazio politikorako baliabide gisara hartzen (izugarrizko sinplekeria litzateke, bidenabar esanda): gerraren deskribapen eta azterketa ezin hobea da, eta bere osotasunean ulertu nahi dute, giza ezaugarrietatik hasi eta artistikoetaraino, arteak sozialetik duena eta ederretik izan beharrekoa gehituz. Picassok berak ere, zentzu horretan, eta Weissen lana irakurri gabe, artearen esanahian sakontzen zuen: Malagako margolariarentzat, ideia atzerakoi eta artearen heriotzaren mehatxuaren aurkako agerraldi bat besterik ez zen artearen esperientzia, eta, horrenbestez, ezin zen errealitate sozial eta politikotik aldendu.
Pertsona testuinguru soziopolitikoan kokatu eta giza izaera kendu gabe, historia kontatzeko proposamena da Weissena finean. Arteei gizarte funtzio politiko bat aitortzekoa, merkatu legeez salbu.
Literatura
Nola idatzi aldaketa
Argitaletxe orok liburu giltzarri bat du bere katalogoan. Liburu horrek, usu, argitaletxearen balio eta nahiak ordezkatzen ditu. Maiz, liburu hori argitara ateratzeko helburuz besterik ez da sortzen argitaletxea, gerora beste liburu batzuei ere aterpe eskaintzen badie ere. Giltzarri hori, Hiru argitaletxearentzat, Peter Weissen 'Erresistentziaren estetika' izan zen. Aste honetan 30 urte bete dira lehen aldiz argitaratu zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu