Nola panpina bilakatzen den

Xabier Mendiguren Elizegiren 'Publikoari gorroto' estreinatuko du Ander Lipusen Huts Teatroak azaroaren 1ean, LuhusonManex Fuchsek zuzendu du 1986an argitaratutako testuaren taularatzea

Ander Lipus, Iñaki Ziarrusta eta Miren Tirapu antzerkilariak Luhusoko errepikan; Lapurdiko herrian ari dira errepikatzen azken aste hauetan. GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2012ko urriaren 25a
00:00
Entzun
1986an argitaratu zuen Publikoari gorroto (Euskaltzaindia) antzerki lana Xabier Mendiguren Elizegik (Beasain, 1964), baina antzerkia bera nehoiz ez da taularatua izan. Lehen aldiz estreinatuko du Huts Teatroak heldu den azaroaren 1ean, Luhusoko Harri Xuri gelan. Hortik landa, 24 emanaldi finkatuak dituzte Euskal Herrian gaindi.

Muntatzeko ideia Ander Lipusi bururatu zitzaion, duela lauzpabost urte testua irakurri zuenean: «Nahikoa inpaktatu ninduen. Eta, egia esateko, gutxitan izaten da testu bat irakurri eta halako zirrara bat jasotzea, eta kasu honetan, izan nuen. Bazuen zerbait testuak». Oso gogorra zelako: «Ño! Hau nondik atera da?», bururatu zitzaion orduan Lipusi.

Baina gauza bat da papereko antzerkia, eta beste bat hori oholtzara igaitea. Horretan dauka desafioetako bat Huts Teatrok.Jendeak antzerkia irakurria zuela bai, baina ez zuela ikusia nabarmendu du Lipusek: «Bada, orduan, nik eginen dut jendeak ikusi ahal dezan». Horrekin abiatu zen ideia, baina gero, nola egin... Garai hartan, Antzerkiola Imaginarioarekin zebilen Lipus. Orain, ordea, bide berri bat eraikia du, Huts Teatroa. Eta antzerki hori du abiapuntu.

Behin testua hautatuta, taldea muntatzen hasi zen. Orduan deitu zuen Manex Fuchs, zuzendaritza bat zor ziolako, Lipusek dioenez, irriz; Fuchsen Aulki hutsa Lipusek zuzendu baitzuen. Taula gainerako behar zituen beste bi aktore lanei Iñaki Ziarrusta eta Miren Tirapu lotu zitzaizkien; espazio eszenikoan, Dejabu; musikan, Asier Ituarte. Orotara 20 bat dira hurbiletik edo urrundik obra hau zutik jartzen lagundu dutenak.

Bakoitzaren arduraz

Teatroaren inguruko gogoeta bat proposatzen du antzerkiak. Antonin Artauden Le theatre et son double antzerkia erreferentzia zuzena du, eta dela Mendigurenentzat, dela Lipusentzat, dela Fuchs-entzat, Artaud funtsezko erreferentzia da. Lipusen kasuan:«Haren bitartez jakin ahal izan dut beste teatro bat ere existitzen dela, eta ez bakarrik beti ikusten dugun teatro psikologiko hori; baizik eta badagoela beste bortizkeria bat, gauzak beste era batera, krudeltasun batekin adierazteko».

Publikoari gorroto-k berak antzerkiari buruzko funtsezko galdera batzuk pausatzen dituela deritzo Fuchsek: «Adibidez, publikoaren lekua zein den». Eta bide batez, antzerkiaren jostailu guztiekin aritzeko parada ere ematen du: «Maska jokoa, kantua, trabestitzea, oihal baten gibelean gorde eta pertsonaiaz aldatzearena, zikintzearena... Antzerkia ganer bat balitz, ganer horretan diren puska guztiekin jostatzeko aukera ematen du», Fuchsek esplikaturik. Ander Lipus berak ezagunak zaizkion pertsonaia batzuk ekartzen ditu taula gainera. Dela Juan Junda, dela Manex Domintxine.

Baina metateatroa baino haratago, norberaren ardurak ere baditu jomugan obrak: «Antzerkia kolektiboki partekatzen den zerbait den heinean, kolektiboki partekatzen ditugun bizitzako beste hainbat arlotan galdera berdinak pausa litezke. Politikan, lagunen artean, familian... Denek dugu ardura bat. Nola eramaten dugu hori?».

Eta Xabier Mendiguren Elizegik zehazturik: «Egiten dituen gogoetak giza harremanetan egoten diren botere erlazioei buruzkoak dira. Norgehiagokak, nork agindu, nor menpeko. Ez da horretaz mintzatzen, baina ikusten duzunak pentsarazten dizu gauza horiei buruz».

Beste gisa batez erranik: «Metafora gisa izango litzateke: bortizkeria baten aurrean nola panpina bilakatu ahal garen. Zerbait bortitza jartzen digutelarik aurrean, erreakzionatzeko ez dugula baliabiderik, nola bat-batean eskatzen digutena egitera goazen, nola robot gisako bihurtzen garen».

Alde horretatik, nahiz eta testua 1985ean idatzia izan, 2012an baduela zer erran argi dute antzerki horrekin zerikusia dutenek. Hori bai, garai hartan 21 urte zituen Mendigurenek. Ikaslea zen, eta karrikak punk mugimenduan murgilduak zeuden: «Beste ni bat zen hura». Punka baretu da geroztik, eta idazlea, zein antzerkilariak, zein zuzendaria, guztiak dira zahartu. Garaian oihu bat zen haren ordez, orain, Mendiguren Elizegik dioenez, «irria» dago.

Eta antzerkian hori agertzen da. Bereziki, bukaeran. Idatzian goiti botaka bururatzen zuten pertsonaiek. Orain, berriz, dantzan: «Guk ankerkeria batean sinesten dugu, baina gure aldetik uste dut behar duela poetikotasun bat. Ez emateko bakarrik alde itsusia», Lipusen hitzetan. Beti idazlearen oniritziarekin; muntatze proiektuan parte hartu baitu Mendigurenek. Esaldien mozteko baliatu dute aukera. Baina funtsa bera gelditu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.