Amets handiak egin zituen belaunaldi batetik gatoz. Gauza asko egin dira azken berrogeita hamar urteotan. Munduan parekorik ez dutenak asko. Baina amets asko gelditu dira bidean. Eta oraindik begirada zorrotzez begiratu behar diogu errealitateari. Paradoxa horri egin behar dio aurre euskalgintzak XXI. mendeari bere begirada propioarekin begiratzeko. Norabideaz hausnartu baitzuen Jon Sarasuak joan zen asteazkenean.
Iraganari asko begiratzen diogu: ea euskara noiz sortu zen. Eta, Jon Sarasuaren iritziz, badu garrantzia horrek, baina patxada handiagoa behar dugu. Iraganean ez baitago garenaren esentzia, etortzearen emaitza gara. Eta jarraidura printzipio horretatik abiatuta egin diegu aurre mendeei. Gure arbasoek emandakoari gero bat emateko sena daukagu naturaz, baina emango duguna ez da jaso genuena izango: 8ko handian kantatuko dugu gure aurrekoek bezala, baina ez haiek kantatzen zutena. Fluxu bat da kultura, aldakorra. Eta jarrera sortzaile bat behar dugu, Sarasuaren iritziz, hori baita bide bakarra folklorismoan ez erortzeko, eta, aldi berean, hori baita modu bakarra besteek egiten dutena ez kopiatzeko.
Baina, jasoko duten mezu eta aukera oldean, gure ondorengoek zergatik aukeratuko dute euskara? Mundu indibidualista bat bada etorkizuna, gizarte zatikatu bat, zergatik hautatuko dute euskara? Izan daiteke fluxu-sentimenduarengatik. Izan daiteke komunitate-sentipen batengatik. Izan daiteke sorkuntza-mundu propio horrengatik. Eta non egingo dugu transmisioa? Sarasuaren iritziz, gizarte erreala da horretarako leku bakarra, baina beharrezkoak izango dira hegemonia-guneak. Eta euskara inoiz izango al da hizkuntza hegemoniko Euskal Herrian funtzioren batean? Eta, horretarako, gizarte-mugimenduetatik sortutako dinamikek ze jarraipen izan behar dute botere publikoetan edo merkatuan?
Euskalgintzak hausnarketa ugari dauzka egiteko. Baina, nork egin behar ditu hausnarketa horiek? Zertan oinarrituta? Sarasuak dioenez, jakintzak izan behar du oinarri, baina ideologia progresistek ez dute nortasunaren gramatikarik eraiki. Berdintasuna eta askatasuna bultzatu dituzte, baina printzipio horiek aski al dira hizkuntza-komunitate bat azaltzeko? Agian garaia izango da soziolinguistikaz hitz egiteko. Baina, horretarako, non jaso behar dugu heziketa? Nazioarteko esperientziek ere balio dezakete, gure patua estuki baitago gainerako hizkuntza gutxituenari lotuta. Amets handiak egin zituen belaunaldi batetik gatoz; orain guri dagokigu amets gauzagarriak egiten hastea.
Norabideaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu