DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA. ZABALTEGI

Norbere buruari ziria sartzearen ondorioak, Hendlerren 'opera prima'-n

Locarno eta Torontoko jaialdietatik igaro ostean, Horizontes Latinosen da 'Norberto apenas tarde'

Efe
Donostia
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Orain arte aktore lanetan aritu bada ere, zuzendarirako pausoa eman du Daniel Hendlerrek. Zuzendu soilik ez, berak idatzi baitu Norberto apenas tarde lehen laneko gidoia. Locarnoko eta Torontoko zinema jaialdietan aurkeztu zuen, eta Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean da orain.

Zuzendari uruguaitarraren filmean, Norberto (Fernando Amaral) lanetik botako dute, eta higiezinen enpresa batean hasiko da. Emazteari kontatu beharrean, antzerki eskola batean emango du izena, baina ez du inorekin sinesgarri izaterik lortuko. Bereburua engainatuko du, ez beste inor. «Protagonistak bere bizitzan eraiki duen gezurra suntsitu behar du, ez baitio bere desioak lortzen uzten». Antzerki taldean aurkitzen du bere egia, Anton Txejoven Kaioa-ren rola jokatzen ari dela. «Asko interesatzen zait Txejov: beti komediak idatzi nahian aritu zen, eta zuzendariek drama bihurtzen zituzten haren lanak». Hain zuzen ere, irriaren eta minaren artean mugitzen da Norberto apenas tarde. «Film anbiguoa da oso, eta horrek ez dio ikusleari barre egiteko adinako erosotasunik sentitzen uzten».

Bigarren mailako antiheroia

Norberto bera antiheroi bat da, patetikoa eta barregarria aldi berean. Hendlerrek protagonista bihurtu du bere bizitzan bigarren mailakoa den pertsonaia bat. «Hasiera batean film korala egin behar genuen, eta Norberto bigarren mailako norbait zen, hainbat trama lotzen zituena. Gero ikusi genuen istorio bat gordetzen zuela, eta zerbait interesgarria jazo zen hortik». Lana ez da protagonistaren inguruko erantzun batetik abiatzen, ez eta galdera batetik ere. «Norberto, ikuslea eta kamera elkarrekin joango dira pelikulako egia aurkitzen».

Bere lehendabiziko lana «naturalismo selektibo» gisa sailkatu du zuzendariak. «Badu zerbait fabulatik, tonu naturalistan ulertu behar dira lerro artean esaten diren zenbait gauza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.