'Norit Krupi' eta 'Thermes' garaile eztabaidaezinak, Zinebi jaialdian

«Beste lanen gainetik» daudela iritzita, Sari Nagusiaz bat, animazio eta fikziozko Mikeldiak ere eman dizkiete

Banu Akseki (Thermes filma), Pedro Rivero (Birdboy) eta Asier Altuna (Artalde), atzo goizean, Bilboko Arriaga antzokian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2010eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
«Zailtasun handiak» izan ditu Zinebiko epaimahaiak film irabazleak hautatzeko. Ez filmen artean mailarik ez zegoelako. Aitzitik, lan «arras interesgarriak» izan dira lehian, eta sari nagusia pelikula biren artean banatzea erabaki dute azkenean, alegia, garaikur nagusia Banu Akseki belgikarraren Thermes fikzioari eta Jurgis Krasons letoniarraren Norit Krupi animazioari ex aequo ematea. Ez hori bakarrik. Film bi horiek «besteen gainetik» daudela iritzita, animazio eta fikzio sailetako lehen sariak ere eman dizkiete. Hau da, Thermes-ek Fikziozko Urrezko Mikeldia jaso du; eta Norit Krupi-k, Animaziozko Urrezko Mikeldia.

Ama-seme biren arteko inkomunikazioan eta bakardadean sakontzen du Thermes-ek, uraren egoera metafora moduan erabilita. Izotzetik lurrunera igaroko da bien arteko harremana; hotza zen hasieran, eta desagertu egingo da gero. Bainuetxe batean girotuta dago filma. Sortzaileak, Banu Aksekik, «zalantza handiak» izan zituen lana amaitzean. «Ez nengoen ziur gidoia ulertuko ote zen, istorioak onarpena izango zuen». Bilbon izan zen atzo, eta garaikur biak hunkiturik jaso zituen Arriaga antzokian gauez eginiko galan.

Norit Krupi-ren egileak, Jurgis Krasonsek, ordea, ez zuen Bilbora etortzerik izan. Epaimahaiak azaldu duenez, «animazio lan oso onak» izan dira jaialdian. Haatik, Norit Krupi-ri sari bi ematea ebatzi dute. «Beharbada, besteren batek ere mereziko zukeen, baina lan honetan egileak ederki erabili du teknika argumentuaren mesedetan». Marrazkien «kalitate teknikoa» goratu du epaimahaiak, halaber.

Talde intelektual baten komeriak azaltzen ditu. «Irudi deigarriak eta umore zirikatzailea erabili ditu, eta komedia puntu hori eskertu egin dugu, jaialdian oro har tarte handirik ez baitu izan umoreak», esan du Luis Marias gidoilari eta epaimahaiko kideak.

Epaimahaiaren eztabaidak

Ildo askotariko profesionalek osatu dute 52. Zinebiren epaimahaia. Mariasekin batera aritu dira epaile Ana Cacopardo, Emily Wardill, Irina V. Evteeva eta Natalia Marin zinemagileak. «Bakoitza arlo batetik dator, eta, ondorioz, eztabaida luzeak izan ditugu gure artean», azaldu du Marinek.

Bada hizka-mizkarik eragin ez dien zerbait: «Animazioak eta fikzioak izan dute indar handiena. Zinema dokumentalaren barruan, ez dira horrenbeste lan nabarmendu».

Elina Talvensaari finlandiarraren Miten marjoja poimitaan eta Ilya Tomaxevitx errusiarraren Blue Sky, Dark Bread saritu dituzte, hurrenez hurren, Zinema dokumentalaren Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiekin.

Euskal zinemaren «maila ona»

Asier Altunaren Artalde-ri Espainiako Zinemaren sari nagusia eman diote, eta «identitate kontuak alde batera utzita», pozik azaldu da Altuna, «sari hori lortzeko lan gehiagoren artean lehiatu eta nagusitu baita lana». Zinemagileak azaldu du, oroz gain, «intuizioz» eginiko lana dela Artalde, «metafora bidezkoa». Eta epaimahaiak «lana ulertzen» jakin duelako «pozik» dago. «Orain hasi dugu zirkuitua, eta ez genekien zein harrera izango zuen», esan du.

Euskal zinemaren sari nagusia Pedro Rivero eta Alberto Vazquezen Birdboy animazioak irabazi du, «istoriora ondo egokituriko estetika ederragatik». Riverok biziki eskertu du saria, «ustekabe polita izan da, areago kontuan hartuta gure lana ez zutela Kimuak bilduman sartu». Irlandako Foyle Film Festivalen ere saritu dute Birdboy, asteon.

Ana Cacopardo epaimahaikideak euskal zinemaren «maila ona» nabarmendu du. «Esanguratsua da euskal zinemaren sariaz gain Espainiako zinemaren saria ere irabazi izana».

Denera, 73 film lehiatu dira aurten Zinebin, 33 herrialdetakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.