Norvegiako Carte Blanche konpainiak irekiko du gaur Miarritzeko Maitaldia

Estilo askotako 31 talde izango dira hilaren 18ra bitartean, Monte-Carlo Balleta eta Sos Danse kolektiboa tartean

Carte Blanche konpainiak Corps de Walk taularatuko du gaur. Z / BERRIA.
Erredakzioa
Baiona
2011ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Norvegiako dantza garaikideko konpainiak, Carte Blanchek, irekiko du gaur Maitaldia, Miarritzeko (Lapurdi) dantza jaialdia. Sharon Eyal koreografo israeldarraren Corps de Walk taularatuko du, ibiltzea dantza molde berri gisa aurkezten duen pieza. Emozioa, ordena eta kaosa dira obra horren osagaiak. Antzerki betean, musika elektronikoaren erritmopean mugituko dira hamalau dantzariak, Gare du Midi aretoko oholtzan, 21:00etan hasita.

Denera, 31 konpainia ariko dira Maitaldian, hilaren 18ra bitartean. Estilo askotako taldeak izango dira, ezagunena, akaso, Monte-Carlo Ballet ospetsua. Jean Christophe Maillot zuzendari dela, Altro Canto eta Opus 50 eskainiko ditu azken egunean.

Maitaldiko zuzendari Thierry Malandainen iritziz, laster erreferentzia bilakatuko diren sortzaileak igaroko dira jaialditik. Esate baterako, Sos Danse kolektiboko Sofie Dubs eta Sole Medina. Espazio publikoa dantzarako leku ere badela aldarrikatuko dute, hilaren 16an. Aurten bere konpainia sortzea erabaki du Fabian Thome gazteak, eta hori ere dantzatuko da Miarritzen. Desde el sofá eskainiko du hilaren 14an, flamenkoa oinarri gisa duen pieza. Sebastian Perrault ostera ere izango da Maitaldian. Eta Cain erakutsiko du oraingoan, hilaren 16an.

Ez da izango itzuliko den sortzaile bakarra. Vilcanota konpainia ere aurrez egona baita Miarritzeko festibalean. Chaos intime eta Petit air du temps eskainiko ditu, hilaren 15ean. Bestalde, Ariadone hilaren 18an bueltako da festibalera, baina umeentzako ikuskizun batekin: Chez Ikkuyû.

Euskal Herriko taldeek ere parte hartuko dute Maitaldian: Maritzulik Aurrez aurre eskainiko du hilaren 11n; eta Kukaik, Karrikan, hilaren 13an.

Eneko Alcaraz eta Asier Zabaleta hilaren 17an dantzatuko dira. Eta Malandainek berak zuzentzen duen Biarritz Balletak ere hiru obra eskainiko ditu hilaren 11n: Lucifer, L'Amour Sorcier eta Bólero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.