Birtuosismoak «despistatu» egiten du Joserra Senperena pianista (Donostia, 1965), eta doinuarekin aritu da borrokan bere disko berriko kantuak osatzeko, aurreneko notari segida emango dion baten peskizan «obsesionatuta». DonostiakoElkar estudioan egin ditu grabaketa lanak, bi egunetan, Xabier Gil eta Naiara de la Puenterekin batera, eta udazkenean argitaratuko du diskoa, Gaztelupeko Hotsakekin. Urteen poderioz, perfekzioaren bilaketan gehiago sakondu ahala, kantuei notak kentzen hasi da, eta gero eta biluziagoak ateratzen zaizkio; minimalista hitza «pedante samarra» iruditzen zaio.
Ibilbide oparoa eta zabala du Senperenak musikagintzan, eta, besteak beste, Bide Ertzeanekin, Rafael Berriorekin edota La Buena Vidarekin aritu da elkarlanean. Gainera, nazioarteko musikari entzutetsu askoren diskoetan parte hartu du, Greg Leizsenean edo Rusty Adersonenean, kasurako. «Agian izango da pop esparrua jada aserik daukadalako, baina nire lanak beste bide batetik doaz», azaldu du. Hala, piano solorako idatzi dituen aurreko bi diskoetan moduan, oraingoan ere trio klasiko formatua erabili du. Biolinaz eta pianoaz gain, akordeoia ere sartu die kantuei lehenagoko txeloaren ordez, ukitu herrikoiagoa emateko. «Banuen orkestrarako zerbait egiteko gogoa, baina mundu handia da hori, etaganberako musika modura egin dut azkenean. Piezen egitura ez da musika klasikokoa, kantuena baizik. Doinuak hartzen du protagonismoa batez ere, eta harmonikoki zein erritmikoki nahiko zabala da», dio Senperenak. Diskoan zortzikoak, zambak, pop doinuak eta beste nahasi ditu, askatasun osoz. «Ez zaizkit batere interesatzen generoen arteko mugak, nik musika egiten dut».
Barne ahotsari egin dio men batik bat, eta ez du inor erreferentziatzat hartu, era kontzientean behinik behin. «Eraginen kontu hori ere pasatu egiten da adinarekin. Beti daude keinuak, zinemagintzan bezala, baina gero eta erreferente gutxiago izaten saiatzen naiz». Hain justu ere, zinemarako musika interesatzen zaio gehien, eta Euskal Herrian baditu gustuko konpositore batzuk, Pascal Gaigne eta Angel Illarramendi, esaterako.
Musikeneren interesa
Kantuak orain grabatu badituzte ere, iazko apirilean idatzitakoak dira, biren eta gainerako lanen artetik denbora librea aterata. «Musika klasikoko konposizio prozesua izan da, dena partituretan idatzi nuen». Musika merkatuan «gauzak dauden bezala daudelako», urte bete itxaron behar izan du grabatzeari ekiteko, baina jada piztu du batzuen interesa. «Musikeneko ganbera musikako irakasleek —Miren Iñargak eta Pascal Gaignek— esan didate kontserbatorioko erdi mailako graduko programan txertatu nahi dutela. Interesgarria da obrarentzat; agian, baita ikasleentzat ere», nabarmendu du.
Gil eta De la Puente eskarmentu handiko musikariak dira. Lehena Euskadiko Orkestra Sinfonikoko biolin solista da, eta bigarrena, Krater Ensemble taldeko partaidea. Jose Maria Rosillo aritu da teknikari moduan, Dardaren interpretazioa diskoan Senperenarekin aritua, Espainiako musika sarien irabazleetako bat.
Nota perfektuaren bilaketa obsesiboa
Udazkenean argitaratuko du Joserra Senperenak disko berria, ganbera musikako hamar kantuz osatua, aurreko lanen ildotik. Generoen arteko mugei erreparatu gabe, doinua izan du buruhauste eta jomuga bakar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu