Hilberria. Claude Miller

'Nouvelle Vague'-an ikasitakoa

Igor Susaeta.
2012ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Ez zuen François Truffaut edo Jean-Luc Godarden fama lortu. Ez baitzen Frantzian sortutako Nouvelle Vague (olatu berria) mugimendu zinematografikoaren aita ponteetako bat izan. Baina bi horiekin lanean pasatako orduetan ikasitakoari esker, Claude Miller (Paris-1942-2012) zinema zuzendari, ekoizle eta gidoigileak ere bere bidea egin zuen. Bazeramatzan hilabete batzuk gaixo, eta herenegun arratsaldean hil zen, Parisen.

Hamazazpi film luze zuzendu zituen. Aurrenekoa, 1976an (La meilleure façon de marcher), eta azkena, Therese B, aurten bertan —Audrey Tautou da protagonista, baina oraindik ez da estreinatu—. 50 urte lehenago erabaki zuen zinema ikastea, eta lehendabiziko lanak Frantziako armadaren zerbitzu zinematografikoan egin zituen. Eta hasi zen Truffautentzako lanean, haren laguntzailea, gidoigilea eta ekoizpen zuzendaria izan zen, besteak beste. Garai bertsuan, 1965 eta 1974 bitartean, Godard, Marcel Carne, Michel Deville eta Robert Bresson zuzendarientzat ere lan egin zuen. Haiekin ikasi zuen ofizioa, eta film laburrak egitera ausartu zen. La Question ordinaireda aurrenekoa, 1969koa, eta Camille ou la comédie catastrophique, 1971koa, bigarrena.

Cesar sariak irabazteko hautagai izan zen 16 aldiz, baina behin bakarrik eskuratu ahal izan zuen. 1981ean, Garde à vue-rekin, gidoi onenaren saria eman zioten. Baina Truffautek 1984an erdibidean —orduan hil zen— utzitako proiektu batek famatu zuen. La Petite Voleuse da film luze hori, eta 1988n estreinatu zen. Charlotte Gainsbourg zen protagonista, herri txiki batetik ihes egin nahi duen nerabearen rolean. Egia esan, Truffautek pentsatutako ideia bat hartu zuen Millerrek, baina haren film guztietan antzeman daiteke maisuaren arrastoa. Zuzendari maitatua zen aktoreen artean, eta abila zen eszenetan giro intimoak sortzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.