«'Obabakoak' liburuaren antza duen egitura erabili dut berriz»

Inigo Astiz
Zalduondo
2012ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Literaturaren periferiako zereginak gorabehera, Nevadako egunak deituko den liburua bukatzen dabil orain Atxaga. 300 bat orri badauzka idatzita, eta zein testu kendu, eta zein gehitu erabakitzen dabil. Azken ukituak ematen, alegia. AEBetako Reno hirian Basque Studies Programek gonbidatuta eman zuen urtea izango da haren hurrengo lanaren abiapuntua, baina ez da horretan mugatuko. Izan ere, txatalak bilduz osatu du lana. «Lan hau Obabakoak da, baina 30 urte geroago», azaldu du. Erdi txantxetan esaten duela dio lehenik. «Baina bakarrik erdi txantxetan», zehaztu du gero.

Zertan du lan honek Obabakoak-en antza?

Egituran. Puzzle egitura horretan. Nik hasieran asko maite nuen pieza desberdinak elkartzea. Testu eta liburu batzuetan itxura batera elkarrekin oso ongi josiko ez liratekeen tonu eta formak erabili ditut. Kontrajarritakoak ere badira pieza horiek, askotan, baina elkarrekin biltzen ditut. Hori egin nuen orduan, eta hori egin dut orain ere. Lawrence de Arabia-ri buruzko 25 bat orriko saiakera bat badago liburuan, Borrokaria izeneko narrazio bat, nire amari buruzko biografia bat, Barack Obamak Renon emandako hitzaldi baten kronika... Pieza horiek guztiak lotu egingo dira liburuan. Nire ustez, badago azpi-azpitik denak lotzen dituen muin bat.

Zazpi etxe Frantzian nobelarekin utzi egin zenuen kontaketa mota hori, eta Kongon kokatutako narrazio lineal bat osatu zenuen. Ironia baliatuz betiere, baina betiko abentura liburuen estilotik abiatuz.

Denok ditugu barruan ahots ezberdinak. Beti izan dut gogoa satira egiteko. Nire gazte garaian testu satiriko asko argitaratu nituen. Gogoan dut Ebatxo Peron izeneko antzerki lan bat ere idatzi nuela, baina ezezagun gelditu zen. Urteekin ez dut izan aukerarik nire alde satiriko hori lantzeko, eta denbora behar izan dut berriz hari heltzeko.

Eta, satira idatzi ondoren, berriz itzuli zara puzzle gisako estilora.

Ni ez naiz ingeniaria errepide bat egiten. Ahots desberdinak ditut, eta ahots desberdin horiekin aritzen naiz testuak egiten. Zilegi dela uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.