Madrilgo Reina Sofia museoan izan da Barack Obama AEBetako presidente ohia, Espainiako errege Felipe VI.ak lagunduta. Ordu erdiko bisita pribatuan, agentzien arabera, Pablo Picassoren Gernika margolanean jarri du arreta bereziki, eta, argazkietan ageri denez, Espainiako erregeak eman dizkio artelanari buruzko azalpenak.
Bisita amaitzean, Gernika-ri buruzko liburu bat eman dio Felipe VI.ak Obamari. Bertan idatzi dion eskaintzan, Picassoren obra "arte unibertsalenaren ikono betiereko" gisa definitu du.
Margolariak Espainiako Errepublikako Gobernuaren eskariz ondu zuen Gernika, 1937ko Parisko Nazioarteko Erakustetarako. Gernikan Kondor Legioko eta Italia faxistako hegazkinek eragindako triskantza salatu zuen bertan, eta XX. mendeko artelan nabarmenetakoa da egun.