Donostiako 72. Musika Hamabostaldia

Obra garaikideak estreinatuta, «ate handitik» sartuko da txistua

Hiru zuloko tresna lehen aldiz entzungo da musika garaikideko zikloan, gaur, KLEM eta Silboberriren saioan

Silboberri Txistulari Banda. Aitor Amilibia, Sergio Torices, Ortzi Torices, Iñaki Martin eta Aritza Castro. SILBOBERRI.
Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Txistua «ate handitik» sartuko da Hamabostaldian, KLEM Kuraia Laboratorio de Electroacustica Musical taldeak eta Silboberri Txistulari Bandak gaur arratsean Kursaaleko gela balioaniztunean egingo duten emanaldiarekin, Maribel Roldan Silboberri elkarteko koordinatzailearen ustez. «Musika garaikidearen zikloan sartu da txistua, zikloaren zuzendariak, Ramon Lazkanok, uste duelako txistuak hor egon behar duela, eta Silboberrin egiten dugun lana aintzat hartu beharrekoa iruditzen zaiolako. Hiru zuloko flauta entzutea musika garaikideko ziklo batean oso garrantzitsua da tresna horretarako».

Txisturako sortutako hiru obra garaikide estreinatzeko baliatuko dute gaurko emanaldia KLEMek eta Silboberrik. Jabier Ituarteren Ziriketa II, txistu eta akordeoirako sortutako obra; Maria Eugenia Lucen Zargan, txisturako eta zinta magnetikorako sortutakoa; eta Mikel Chamizoren Danbor, bi txistu, danbolin eta elektroakustikarako sortutako lan berezia, danbolinari aparteko garrantzia ematen diona. Beste obra baten estreinaldia ere aurreikusia zuten, baina musikagileak ez du garaiz amaitu ahal izan horretarako enkargatua zuen obra berria.

Estreinaldiez gain, Carlos Villasolen Iri-zin-garri —lau txistu eta kaskabilorako sortua— eta Gabriel Erkorekaren Haize-orratz ere emango dituzte. Haize-orratz Silboberriren enkarguz sortu zuen Erkorekak, eta gaurko emanaldiak, estreinaldia izango ez den arren, berezitasun bat izango du, «txistu berriekin» emango baitute, orain arte ez bezala. «Txistu berriekin ari gara lanean azkenaldian, eta horiekin ariko gara Hamabostaldian ere», azaldu du Roldanek. «Txistu afinatua da, nolabait esateko, aukera handiagoak eskaintzen dituena».

Bi lan elektroakustiko

Emanaldiko programan, elektroakustika soileko bi lan ere tartekatuko dituzte, Hungariako musikagileek sortuak biak —Andrea Szigetvariren Mandala I eta Istvan Szigetiren Elka—, Hungariako eta Euskal Herriko musikagileen arteko uztarketa egiteko, «elektroakustikaren bidez».

Duela 11 urte sortu zen Silboberri elkartea, eta txistuaren alde lan egin du harrezkero, «txistuak aurrera egin dezan, alderdi folkloriko hutsean geratu gabe», Roldanek dioenez. «Alderdi folklorikoa gutxietsi gabe —taldeko txistulariekalderdi hori ere lantzen baitute—, soilik alderdi folklorikoan geratzen den musika tresna bat denborarekin desagertzera ere hel daitekeela uste dugu, edo bazterreko zerbait bihurtu. Hainbat eskualdetako flautarekin hori gertatu da, baina txistua aldatzen eta egokitzen joan da, eta uste dugu errepertorio berria behar duela beste tresna batzuekin harremanetan sartzeko eta kontzertu garrantzitsuetan parte hartzeko. Bide horretatik doa Hamabostaldiak, Ramon Lazkanok bereziki, txistuaren alde egin duen apustua».

Musikagile ezagunei txisturako ganberako obrak enkargatzen hasi zirenean haietako askok zerbait arraroa eskatu baliete bezala erreakzionatu ohi zutela ekarri du gogora Roldanek. «Baina ez dira alferrik iragan 11 urte», gaineratu du, «eta uste dut jabetu direla obra hauekin ematen ditugun kontzertuak oso landuta eta oso ondo entseatuta daudela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.