Zinema. Estreinaldiak. Fantasien gatibu
Odol egarriz
Ostiral honetan azken urteotako banpirorik ospetsuenak iritsiko dira zinemara, Twilight saga arrakastatsuaren laugarren filmaren estreinaldiarekin. Park Chan-wook zinemagileak banpiroei buruzko film dotore eta aparta grabatu zuen duela bi urte, eta Cannesen eta Sitgesen estreinatu zen arren, ez zen inoiz heldu aretoetara. Orain, DVD formatuan kaleratu da. Thirst Emile Zolaren Thérèse Raquin izeneko nobelan oinarrituta dago, eta desiraren inguruan hausnartzeko parada ederra eskaintzen du. Kantek zioen pertsonak ez direla bitarteko moduan erabili behar, baizik eta helburu izan behar dutela, baina desio eta nahiek ez dute, zoritxarrez, etikaz ulertzen. Gizabanakoa itsutu egiten da, eta besteen odola edaten ez badu erotu egin daiteke. Besteen energia zurrupatu behar du, bizirik sentitu ahal izateko. Gizakia animalia soziala den heinean, besteen beharra dauka; baina, gehienetan, pertsonen arteko interesak ez dira bat etortzen, eta egunerokotasunean dilema ugari sortzen zaizkio bakoitzari. Desira kontrolatu ezinezko urakana da, baina, neurosiari esker, norberaren fantasiak giltzapean mantentzen dira. Alabaina, banpiroa ez da gizakia; hortaz, ez dago gizakiek asmatutako moral eta arau txatxuen mende. Song Kang-ho aktore ezaguna apaiza da kasu honetan, eta besteei laguntzeko prest dago beti. Baina norberaren desira luzaroan ukatzea ezinezko gertatzen da. Pinkerren arabera, gizakia inoiz baino bakezaleagoa den mundu batean bizi gara, baina badirudi darwinismoa nagusi den honetan apokalipsiaren atarian gaudela. Baina ez gaitezen engainatu; pertsonak eta banpiroak ez dira oso desberdinak. Bakoitzak egoki iruditzen zaion hautua egin behar du. Old Boy (2003) maisulaneko eszena harrigarri eta bortitzak gogora ekartzen dituen film zoragarria da honako hau, eta estetikari dagokionez, paregabea da. Indarkeriazko eta maitasunezko eszenak dotorezia handiz filmatzen ditu autore hegokorearrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu