Ofiziotik irabazten dena

Sustrai Colinak irabazi du Nafarroa Behere, Lapurdi eta Zuberoako Bertsolari Txapelketako azken kanporaketa

Sustrai Colina, kantuan, atzo Donibane Garazin jokatutako finalerdian. BOB EDME.
Beñat Zamalloa Akizu.
Donibane Garazi
2012ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Sustrai Colinak ofiziotik, bertsogintzatik jaso duena eta ofiziorako duen prestaketa erakutsi zituen atzo jokatu zen Nafarroa Behere, Lapurdi eta Zuberoako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoan, Donibane Garazin. Hasierako agurrean mikroaren hanka askatu eta konpondu ezinik ibili zelako agurra aldatu zuenetik erakutsi zuen ofizioa, baita zortziko txikian gaiak estutu zuenean ere. Saioan emaitzarik onenak eman zituen ofizioetako ariketatan ofizioan duen ofizioa erakusteaz gain, kartzela ere ofizioaren erakusgarri egin zuen. Hala, bere ofiziokide ohikoenarekin, Amets Arzallusekin batera zuzenean sailkatu da finalerako.

Azken finalaurrekoa izanik, finala zehaztu zen 300 lagunekin bete zen Vauban Zineman, eta, Colinaz gain, beste bi finalista ere eman zituen saioak: Odei Barroso eta Maddi Sarasua. Barrosok ere ofizioetan, zortziko eta hamarreko txikikoan egin zituen ariketarik onenak, eta kartzelan ere lanik onenetako egin zuen. Sarasua tekniko jardun zen, bertsoak zuzen osatuz, eta zenbaitetan gaiak zukutzen ere artez jardun zen, hamarreko txikian, kasurako. Barroso eta Sarasuarekin, finalerako sailkatu diren beste biak Eneritz Zabaleta eta Xumai Murua dira.

Colinarekin egindako hamarreko txikian poto eginez galdu zuen finalerako aukera Maddi Ane Txoperenak. Ongi bidean zen kartzelako lanean, baina trabatu egin zen bigarren bertsoan; doinu luzeegian, betelanean estu. Ordura arte, ofizioetan hariari jarraitzen erantzunaz aritu zen bertsoaldiak josten. Egoitz Zelaiak hainbat huts tekniko pilatu zituen hainbat ariketatan, eta azken sailkatu zen RamuntxoChristyk freskotasuna eskainizuen ofizioetan aldika.

«Maddi, esne lantegi bateko kudeatzailea zara. Gaur, Sustrai laborariari jakinarazi diozu esnea prezio apalagoan erosiko diozula», ekin zieten ariketa puntuagarriei Sarasuak eta Colinak Pantxika Solorzanok jarritako gaitik abiatuta. «Ta gaur esnea uraren pare / erosi nahia daukazu / ta hurrengoan nik ordaintzea / eskatuko al didazu?», hasi zuen Colinak. «Jendeak ez du gasna merkea / soilik erosten ahal jada / ta guk gasna merketu aitzin / esnea merke behar da», argitu zion Sarasuak. «Txikia estutuz haundia beti / bizi da zorionean / ohartu nintzen ezpainetatik / irribat zerionean. / Beti merketu nahian dabiltza / begirada txaponean / ta gasna nola eginen duzu / esnerik ez dagonean?», jarraitu zuen galdetzen Colinak.

Itxuraren ofizioa

Barrosok Zelaiarekin hamarreko txikian egin zuen ofizioa izan zen ofizioetan sakonena. Entzuleen artean barre gehien askarazi zituen ofizioa, Christyrekin osatu zuen zortziko txikikoa, egin zuen aurretik. Zelaia medikua zen eta Barroso seigarrenez joan zitzaion ebakuntza kirurgiko eske. «Nere burua maite / izan dut gaur arte / baina besteak dira / ez nautenak maite», kantatu zuen lehenean. «Barnekoa aztertu / izan dut xeheki / gaur sentitu nahi baitut / atzo baino hobeki / hemendik irtetzen naiz / pozik ta ederki / baina etxera heltzeanemeki-emeki / ispiluak beste zerbait / erraten dit beti», azaldu zuen bere bertsoaldiaren erdian.

Bigarren finalaurrekoan ere izan ziren gai originalak, Sarasuari eta Txoperenari egokitu zitzaiena kasu: «Maddi, zirkuko nagusia da, eta gaur, Maddi Ane bertsularia heldu zaio lan eske». Sarasuak gehien zukutu zuen gaia izan zen, eta ongi baliatu zuen gaiak emandako zirkoaren testuingurua. «Bainan utziko dizut / zuretzat ze luxu / trapezaren gainetik / kantatzen baduzu», bota zion Txoperenari bertsoaldia hasterako, eta Txoperenak zeraman janzkera baliatu zuen umorerako «ez al daukat nahikoa / pailazo itxura?»galdetuta. Lehoiaren ahoan mikroa jarriz eginaraziko ziola proba bota zion ostean Sarasuak.

Parisera kartzelara bisitan zihoanaren rola jokatu zuen Colinak kartzelan. «Tren batean sorlekutik urrun zoazen gaztea zara», zuten doinu eta neurri librean bina bertso osatzeko abiapuntua. Bidaiaren deskribapena eta itxaropena josita bukatu zuen bi bertsoko ariketa: «Kristaletik begiratuz / borobildu gogoeta / kafetegira buelta bat / kafe bat hartuz tarteka / liburu bat irakurri / beti burua alerta / edota lasai lo egin / amets ederrenen xerka. / Ez dakit pasako den / ETA beti baita ETA / baina noizbait berarekin / egin behar dut buelta / joaten diren tren guztiak / itzuli ohi dira eta».

Europatik ihesi doan gaztea izan zen Barroso: «Herrira iritsi ziren / AEBak eta OTAN / gure bizitza guztia / utzi ziguten kolokan / hala ere sartua naiz / bizitza baten erronkan. / Ea etorkizunik den / itzultzen doan errotan / nik ere segituko dut / familiarentzat borrokan / nahiz holakorik e' nuen / pentsatu izan askotan / nahiz jendeen balioa / neurtzen duten eurotan / pobreentzan lekurik bada / eraiki duten Europan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.