MUSIKA

Ohiko estiloari freskotasunez eusten dio Su Ta Garrek

Eibarko taldeak 'Bizirik gaude' hamargarren estudioko lana kaleratu du. Hamar abesti ditu, eta, azken 25 urteotan bezala, baladak, heavy metal eta hard rock doinuak, eta trash metal gogorreneko soinuak bildu dituzte. Gaur eguneko gai "latzak eta gogorrak" landu dituzte, "baina ikuspegi baikor batetik" abiatuta.

Su Ta Garrekoak, gaur, diskoaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Igor Susaeta.
2013ko urriaren 22a
17:30
Entzun

"Askotarikoa" da lana, Aitor Gorosabel abeslari eta gitarra jotzailearen ustez, baita freskoa, zuzena eta oso bat bat-batekoa ere. Borxa Arrillaga taldeko bateria jotzaile ohiak ondutako Poema eta Nana, eta Iker Rocandiok idatzitako Bizirik gaude kanten hitzak izan ezik, Gorosabelenak berarenak dira beste abestien hitzak, baita musika ere.

Gorosabeli polita iruditzen zaio estudioko hamargarren diskoa ateratzea taldeak 25 urte bete dituenean, baina bi zenbaki borobil horiek parean tokatzea anekdota hutsa dela argitu du gaur goizean, lanaren aurkezpenean. "Baina anekdota polita".

Aldi berean, azaldu nahi izan du diskoaren izenburuak ez daukala loturarik taldearen ibilbidearekin. "Langile mugimenduari buruzkoa da. Hari esker gaude hemen, eta hartaz hitz egiten du Bizirik gaude seigarren abestiak". Bide batez, izenburua "herri osoari" zuzenduta dagoela nabarmendu du. "Izan ere, botere politiko eta ekonomikoaren aurrean bizirik jarraitzen dugu. Jendea borrokara animatu nahi dugu".

Diskoak baditu hiru abesti krisiaz mintzo direnak, bada etxeen desjabetzeez hitz egiten duen bat, maitasunezkoak ere badira, Iñigo Cabacasi eskainitako Txakurrak solte...

2006an hartutako bideari jarraituz, taldeak berak sortutako Jo Ta Ke etxearekin kaleratu dute diskoa. Joan den udan grabatu zuten, Berrizko Lorentzo Records estudioan (Bizkaia), eta Aitor Ariño izan zen teknikaria, ohi bezala.

Gorosabelek, Xabi Bastidak (gitarra), Galder Arrillagak (bateria) eta Igor Diezek (baxua) osatzen dute taldea. Hain zuzen, lehen diskoa du Diezek Eibarko taldearekin.

Hasi dira diskoa aurkezten, eta joan den larunbatean Añorben (Nafarroa) jo zuten. Urtarril hasiera bitartean beste hemeretzi zuzeneko dituzte lotuak, eta, esaterako, ostiralean Oñatiko Gaztelekuan ariko dira, larunbatean Zorrotzako gaztetxean (Bilbo) eta hilaren 31n Donostiako Gazteszenan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.