Donostiako aurtengo Olatu Talka jaialdiaren egitaraua inoiz baino zabalagoa izango da; izan ere, 250 jarduera inguru antolatu dituzte maiatzaren 23tik ekainaren 1era. Hala, jaialdiak egun bat gehiago izango du aurten. Sei gaietan banatu dituzte hiritarrek egindako proposamenak: zuzeneko musika, gastronomia, teknologia berriak, hirigintza, infusioak eta mugikortasuna. Jaialdirako programazioa itxita dagoen arren, oraindik bada hainbat jardueratan izena emateko aukera, esate baterako, Kalesound System, Semaforo Ink, Sukal Danitzak, Hacka Thon, One Minute, Ala Eraikiz, Scrap Booking, Garbi Bai, Streat Market eta Afari-es Cena ekimenetan.
Sei kategoria horien barruan hainbat ekitaldi antolatu dituzte jaialdiaren arduradunek. Horrela, zuzeneko musikaren barruan Donostiako estilo askotako musika taldeek zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte, gastronomian beste herrialdeetako jakiak dastatzeko tailerrak egindo dituzte, eta teknologia berrietan bideo jokoak protagonista izango dira. Hirigintzan, berriz, haurrek hiriaren inguruan duten iritzia ezagutzera emango dute, eta infusioak taldeak artista amateurren eta profesionalen arteko harremanak bultzatuko ditu dantzaren bitartez. Azkenik, mugikortasunean motorrik gabeko ibilgailuei lehentasuna emango diete, hala nola oinezkoei, txirindulariei eta patinei.
Donostia 2016ko partaidetza arduradun eta aldi baterako Zuzendaritza Teknikoko kide Enara Garciaren esanetan, jaialdiko hainbat jarduera hiriaren egunerokotasunean txertatu dira, hiritarrengan aldaketa eraginez. "Urtero bezala, hiritarrek proposamen berriak egin dizkigute, baina badira ohitura bihurtu diren hainbat ekimen ere, hala nola Musika Parkean". Donostia 2016ko kultur programako kide Iker Tolosaren arabera, hiriaren espazio publikoen erabilera eraldatu eta hiritarren nahiei erantzuteko balio du jaialdiak. "Hainbat ekimenek hiriaren araudia eta jendearen prespektiba aldatu dituzte".