Miguel Martin Donostia Kulturako Musika Unitatearen arduradunak esan du gaur goizean, jaialdiaren aurkezpenean, 2016 Bulegoak eskatu diela zenbait proposamen egiteko, zenbait proiektu garatzeko. "Horietan, amateurrek, nolabait deitzearren, kultur eragileekin batera lan egingo dute", adierazi du Martinek. "Izan ere, helburu bat lortuko da, beharbada, artean edo kulturan ibilbide luzea egin duenaren ekarpenari esker". Igor Otxoa bulegoko proiektu arduradunak nabarmendu nahi izan du, ordea, kasu batzuetan baino ez dela bilatuko lankidetza hori.
Iaz bezala, aurten ere Donostiatik kanpo egingo dira zenbait jarduera. 200 ekintzatik gora egin ziren joan den urtean, eta 2.500 parte hartzaile "aktibo" eduki zituen Olatu Talkak. "Aurrerantzean ere gizakion sortzeko energia eta partekatzeko gaitasuna ikusarazteko plataforma izatea eta zeregin hori indartzea" da jaialdiaren helburua.
Proposamenak helarazteko epea gaur ireki dute, eta otsailaren 15a bitartean egongo da zabalik. www.olatutalka.eu webguneko inprimaki bat bete beharko da proposamenak aurkezteko. Martxoaren amaiera aldera aurkeztuko dute programazioa.
Donostia erre eta suntsitu zeneko bigarren mendeurrena aurten beteko denez, hori oroitzeko antolatutako programazioaren parte izango da Olatu Talka.