Dantzan eta antzerkian oinarritutako bi ikuskizun emango ditu Gasteizko Artiumek datozen egunetan. Alde batetik, Olatz de Andres arte eszeniko eta dramaturgia berriko ikerkuntza testuen itzulpenetan adituak Privolva emanaldia eskainiko du gaur arratsaldean, Ekialde Goikoa aretoan. Bestetik, Bulegoa z/b taldeak Bat, bi, hiru, lau horma antzezlana emango du bihar eta hilaren 25ean, Ekialde Behekoa aretoan, Egonaldiak. Artium Bildumaren inguruko lehengoratze jarduerak erakusketaren barruan.
Artea mugimenduan
De Andresek bere lanean zientzia fikzioaren filosofiako irudietan oinarritutako koreografiak bildu ditu. Jean Luc Godard zuzendariaren Alphaville filmean oinarrituta, eszena koreografikoak landu ditu erakusketan. Irudiak off-eko ahots baten kontaketarekin lotu ditu itzultzaileak.
Bestalde, Bulegoa z/b taldeak bere antzezlanean Jorge Oteizaren Homenaje a Velázquez eskultura erakusketaren testuingurutik antzerkira eramango du: bertan, erakusketa aretoetan eskultura bati begira egoteko moduak landu ditu taldeak. Hala, artea, antzezlanaren bitartez, mugimenduan ipiniko du antzerki taldeak. Antzezlana Artiumeko erakusketaren zati bat da, eta horrekin batera, ikusgai daude lau komisario lan, artelan batzuk, ekintzak, lan mintegia, antzerki emanaldiak eta laborategia, besteak beste.
Olatz de Andresen lan bat eta Bulegoa z/b taldearen beste bat Artiumen
'Privolva' koreografia lana eta 'Bat, bi, hiru, lau horma' antzezlana aurkeztuko dituzte gaur Gasteizen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu