Jose Antonio Agirre lehendakariarekin lotutako proiektuaren filmetako bat da 'Iragan gunea Berlin'. Maider Oleagari enkargua egin zion ETBk, eta Berlingo erbestealdiaren gaia egokitu zitzaion. "Berlinera joan nintzen, eta hirian atzerritarrak ziren pertsonak bilatzen hasi nintzen. Euskaldunak ere sartu nahi nituen. Eta protagonistetako bat Siriako errefuxiatu bat da", azaldu du Oleagak 'Zurriolako butaka' saioan. Agirre lehendakariak 1941ean Berlinen idatzitako egunerokoaren pasarteak tartekatzen dira, era berean, dokumentalean. Oleagak berak badaki zer den jaioterritik kanpo bizitzea: "Zazpi urtez Mexikon izan nintzen bizitzen, eta Madrilen beste bost urtez. Horregatik bere herritik kanpo beste toki batean bizitza hasten duten pertsonen gaia ez zitzaidan arrotza egiten. Nire gaietako bat da". Dokumentalean agertzen den Siriako errefuxiatuaren lekukotza gaurkotasun handikoa da, zuzendariak harekin lortu zuen "gertutasunari" esker. "Gure egunerokoan dago errefuxiatuen gaia. Eta zineman landu beharreko gaia da errefuxiatuena". Udazken honetan telebistan ikusi ahalko da 'Iragan gunea Berlin', ETBn.
'Zurriolako butaka'-n Zazpi t'erdi ekoizpen etxearen 'Mara Mara' filmaz aritu dira Pello Gutierrez ekoizlea eta Josune Gorostegi aktorea. "Gure lagun baten gurasoek borda bat dute Frantziako Pirinioetan, toki eder batean. Pentsatu genuen han pelikula bat egin behar genuela, eta David Aguilar zuzendariak sortu zuen ideia", azaldu du Gutierrezek. "Zanpatu gabeko elurretan, goizero raketekin bordara joaten ginen. Eta grabaketetan hotz handia pasa genuen, baina lantaldean berotasuna zegoen", esan du Gorostegik. "Une batzuetan biluzik agertzen naiz filmean. Beraz, hotza sekulakoa izan nuen. Baina taldearen babesa are handiagoa zen", gaineratu du aktoreak. Gutierrezek nabarmendu du filmaren erabakiak "lantaldean" hartu zituztela, "hierarkiarik gabe". 40 minutuko filma da 'Mara Mara'. "Horregatik zaila da kokatzen, ez delako film luzeetan sartzen ezta film laburretan". Hala ere, orain hasiko dira filma mugitzen. Bihar gauean 'Mara Mara'-k bigarren eta azken proiekzioa izango du Zinemaldian. Zazpi t'erdi ekoizpen etxeak beste dokumental bat izan du aurtengo Zinemaldian: Juanmi Gutierrezen 'Oihalak adarretan', Armeniako diasporari buruzkoa.
Kritikarien solasaldian, BERRIAko Gontzal Agote eta Sustatuko Xabier Mendiguren Elizegi izan dira. Halaber, Mikel Ruedari 'Quinta planta' dokumentalaren inguruan egindako elkarrizketa eman dute. Eta 'Zinea.eus' atariak bere proiektu berri baten inguruko spot berezia eman dute.
Bihar izango du 'Zurriolako butaka'-k 64. Zinemaldiko azkeneko saioa.