Olioaren sentsualtasuna

Jose Luis Zumetak aurten sortutako 30 bat lan hartzen dituen erakusketa ireki dute Iruñeko Ziudadelan

Jose Luis Zumeta margolaria, atzean bere margolanetariko bat duela, Iruñeko Ziudadelan. LANDER F. ARROIABE / ARP.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Intuizioz lan egiten du Jose Luis Zumetak (1939, Usurbil). Zirriborrorik gabe: keinu bat besteari lotuz, margolanari hitz egiten utziz, eta hura entzunez. Eskuarekin, begiarekin eta belarriarekin margotzen du. Ez du askorik maite bere sorkuntza prozesuari buruz hitz egitea, ezta lortutako emaitzei buruz hitz egitea ere. Mihia lasai. Ihes egin ahal izanez gero, ihes egingo dio azalpenak eman beharrari. Bizitza darama margotzen, baina pinturari buruz esatekorik ez duela dio. «Pieza bakoitza prozesu bat da. Pixkanaka-pixkanaka doa eraikitzen, eta inoiz ez dakit nola bukatuko den. Modu batera hasten da, eta gero agertzen dira gauzak. Hitz egiten dit pinturak». Eta hark entzumena adi. Sorkuntza bide horrek aurten eman dituen emaitzak jarri dituzte orain ikusgai Iruñeko Ziudadelan. 30 pieza baino gehiago, guztira, Zumetaren aurtengo uzta ezagutzeko. Azaroaren 18ra arte egongo da ikusgai bilduma, Mistoen aretoko beheko solairuan.

Zumeta 12 jarri diote izena erakusketari, baina ez da 2012ko Zumeta aurten egindako lan hauetan ikus daitekeen bakarra. Ibilbide luzea du artistak, eta pilatuz doa esperientzia hori haren lanetan. Euskal artearen berrikuntzaren bultzatzaile, eta Gaur taldeko kidea, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida eta Nestor Basterretxearekin batera. Ikasketak Donostian hasi zituen, eta Parisera jo zuen gero, handik Stockholm eta Londresera, eta Arribe-Atallun bizi da egun (Nafarroa). Ibilbide oso bat: figurazioa, surrealismo onirikoa, Picassoren eragina, muralak, erliebeak... Eta horren guztiaren memoria bat badu haren lanak. Artistak ere aitortzen du. Batuz joan dira haren azken sorkuntza lanetan aurreko etapa horietan guztietan egindakoak: «Figurazio eta gizarte kronikatik hasi, eta espresionismora». Guztien arrastoak igar daitezke Ziudadelan.

Kolorearen indarra

Badira lau serigrafia pieza bilduman, baina olioak dira gainontzeko guztiak. Neurri handikoak denak, baita tamaina berekoak ere, hiru mihise batuta osatutako batzuk salbu. Kolorea da, halere, deigarriena. Izan ere, hori da Zumetaren lanaren konstante nagusia, eta ildo horri jarraitu dio aurten sortutako lanetan ere. «Emozioa da kolorea, eta emozioen bidez sortzen da gauzei zentzua ematen dien energia». Artistak saihestu ezin izan zuen elkarrizketa urri horietariko batean emandako azalpena da hori. 2009koak dira hitzak, baina izan zitezkeen 2012koak, aurten ere ez baita jarrera horretatik oso urrun aritu.

Gama aberatsa da usurbildarrarena, eta ederrak dira koadro bakoitzean zein koadro batetik bestera igar daitezkeen aldaketak. Gris eta urdin itzaliekin dabil batzuetan, hori, berde eta gorri bortitzekin besteetan. Badira lan bakarraren barruan ia modu geometrikoan banatutako hainbat plano dituzten margolanak ere. Zertzeladen arrastoak ageri dira guztietan, eta kasik ikusi egin daiteke artistak margolana sortzeko egindako keinua. Zumetak ez du sorkuntza prozesuaren nondik norakoa ezkutatzeko asmorik, eta koadroaren erdialdetik beheraino doazen pintura tantak eta mantxak ikus daitezke lan batzuetan.

Figurazioa da nagusi erakusketan. Baina figurazio oniriko eta espresionista bat da Zumetarena, zenbaitetan abstrakzioa laztantzera heltzen dena. Margotzeko erabilitako materialak ere garrantzi handia du zenbait koadrotan. Oso presente daude olioaren tolesturak maiz, eta nabarmena da lan batzuen fisikotasuna. Ez da harritzekoa pintoreak aurkezpen ekitaldian teknologia berriei aurre egin eta «egunetik gauera alda daitekeen olioaren sentsualtasuna» defendatu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.