Agustin Ibarrola artistak Omako basoan egindako margolanen iraunkortasuna bermatu nahi du Bizkaiko Foru Aldundiak. Eta horregatik erreplika. Omako basoaren ondoan dagoen beste baso batean egingo dituzte Ibarrolaren margolanen erreplikak. Proiektuak jaso du Ibarrola familiaren onespena, eta adituen batzorde batek ere ontzat jo du asmoa. Esku artean darabilten ideiaren arabera, egungo basoari dagokionez, zabalik mantenduko dituzte zuhaitz erorketarik izateko arriskurik ez duten guneak, eta, aldiz, itxi egingo dituzte erorketak izan ditzaketenak. Espezie autoktonoekin birpopulatuko dituzte eremu horiek. Ez dute aipatu inolako denbora eperik.
Oraindik ez dute baso berriaren kokapena zehaztu, baina egungoaren ondoan egongo dela baieztatu dute aldundiko arduradunek. Horrez gainera, kontuan hartuko dituzte margolanak hartuko dituzten zuhaitz motak eta haien adinak. Bisitarientzako irisgarria izango den leku bat dute burutan, bestalde, eta jarduerak oro har ingurumenarekin eta zehazki Urdaibaiko erreserbarekin errespetutsua izan beharko duela ere nabarmendu dute.
Adituen batzordea
«Arte bizia, definizioz, arte iragankorra da. Agustin Ibarrolak bazekien hori, eta honela onartu zuen proiektua hasi zuenean», onartu du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak. Haren hitzetan, horregatik, aldundiak egindako «lan onaren froga da» Ibarrolaren artelanak 20 urte iraun izana. «Guretzat, Oma Bizkaiko sinbolo bat da». Agustin Ibarrolaren senideekin eta proiektuari oniritzia eman dion adituen taldeko kideekin egin du aurkezpena ahaldun nagusiak. Sendiaz gainera, lau kide izan ditu, zehazki, batzordeak: Fernando Bazeta EHUko irakasle eta Ibarrolaren obran aditua, Javier Riaño pintorea, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria eta Lucia Agirre Guggenheim museoko arte arduraduna. Hainbat teknikariren laguntza ere izan dute.
Eroritako zuhaitzak eta erortzeko arriskuan direnak apartatzea da aldundiaren asmoa, eta, zehaztu dutenez, babestu egin nahi lituzkete horiek ere. Oraingoz, ordea, ez dute aurkitu horretarako metodo egokirik topatu. Rementeriak azaldu duenez, ingurumenarekikoa baita haien konpromisoa. «Basoak baso izaten jarraitu behar du». Zabalik utzi du, gainera, eremu birpopulatuetan etorkizunean berriz ere Ibarrolaren margolanak erreproduzitzeko aukera.
1983-1991ko tartean margotu zituen Urdaibaiko naturgunean dagoen Kortezubi herriko Oma basoko zuhaitzak Ibarrolak, eta, geroztik, behin baino gehiagotan zaharberritu behar izan dute artelana. Joan den udaberritik itxita dago basoa, adibidez, zenbait zuhaitzen narriadurak dakarren arriskuagatik. 61 multzo artistiko ditu, guztira, obrak, eta margotutako 500 zuhaitz inguru.