Aktorearen ingurukoek jakinarazi dute Omar Xarifek bihotzekoa izan duela gaur arratsaldean Kairoko ospitale batean eta bertan hil dela. 83 urte zituen, eta azkeneko hilabeteetan jakinarazia zuen alzheimerra zuela.
Omar Xarifek (Egipto, 1932) oihartzun handia lortu zuen XX. mendeko 60ko hamarkadan, eta Hollywoodeko ekoizpen handien ohiko irudi bilakatu zen. Bere herrialdeko zineman lan egin ostean, David Leanek eman zion nazioartera jauzi egiteko aukera Lawrence of Arabia filmean (1962), eta handik aurrera lan asko eta laudatuak egin zituen hala Europan nola AEBetan. Leanekin errepikatu zuen Dr. Zhivago Boris Pasternaken eleberriaren egokitzapenean (1965), eta beste hainbat ekoizpen handitan ere rol nabarmenak bete zituen: The Fall of The Roman Empire (Anthony Mann, 1964), The Night of The Generals (Anatole Litvak, 1967), Funny Girl (William Wyler, 1968)...
70eko hamarkadatik aurrera ere asko lan egin zuen, baina haren filmak ez zuten horrenbesteko oihartzunik izan. Nolanahi ere, azkeneko urteetan ere nabarmendu zen film batzuetan; François Dupeyron-en Monsieur Ibrahim-en, esaterako (2003).